Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohiak 2013ko Italiako Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko asmoa du, Corriere della Sera egunkariaren arabera. Azken hilabeteetan askotan baztertu duen aukera izan da baina, dirudienez, hainbat inkesten emaitzek aldatu dute haren erabakia.
Inkestek diotenez, Berlusconiren PDL Askatasunaren Herria alderdiak bozken %10 soilik eskuratuko luke lehen ministro ohiak hauteskundeetan zuzenean parte hartuko ez balu, nahiz eta Corriere della Sera-k ez duen iturririk aipatzen. Berlusconi presidentegai gisa aurkeztuko balitz, berriz, %18 lortuko luke, eta PDLren idazkari Angelino Alfanorekin batera parte hartuko balu, %30.
Hartara, iritzia aldatuta, Berlusconi bozak prestatzen hasi dela aurreratu du egunkariak. Sardinian egin behar zituen oporrak utzi, eta Milan ondoko bere etxean geratu da irailerako dena prestatze aldera. Alderdiarentzako izen berri bat aukeratu, berrogei urte inguruko hainbat kidek osatutako lantaldea osatu, nazioarteko liderrekin bilerak egin eta hautagai berrien aukeraketa gauzatu nahi ditu, antza.
Berlusconik 2011ko azaroaren 13an utzi zuen Italiako lehen ministro kargua. Euroaren krisiaren eta egoeraren kudeaketa txarraren ondorioz Europako Batasunaren presioa izanda laga zuen kargua. Mario Montik hartu zion lekukoa, EBk agindutako neurriak ezartzeko. Montik, hain justu, atzo iragarri zuen ez dela hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko.