Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak boterean jarraitu behar duen erabakiko du gaur Erromako parlamentuak, 12:00etatik aurrera. Gobernuak konfiantza galdea eskatu behar izan du, irgan asteartean legebiltzarrean 2010eko kontuak onartzeko gai izan ez zelako. Hemizikloan oposizioko diputatuen aulkiak hutsik zeudela eginiko hogei minutuko hitzaldian, beldurrik ez duela iragarri zuen atzo Berlusconik. «Alternatiba sinesgarririk ez dagoen heinean, nire gobernua da egoerari aurre egiteko aukera egokiena». Jaustear dagoen politikaria ematen du, baina orain arte Berlusconik behin eta berriz eman dio buelta egoerari oposizioak etorkizunik ez zuela uste izan duen bakoitzean.
Bozak aldez aurretik egitea eragotzi nahi du gobernuak, 2013ra arte botereari eusteko. «Konfiantza galdeak huts egingo balu, bozetara deituko genuke, oinarri demokratikoek eskatzen duten bezala. Baina, osterantzean, ez dago horretarako beharrik», esan du Berlusconik. Oposizioan ez dago alternatibarik, lehen ministroaren ustez: «Transfugek osatutako alderdi bat eta gai guztietarako banatuta baina berlusconismoaren kontra batuta dagoen ezkerra baino ez daude oposizioan». Gainera, bere gobernua eroriko balitz Italiako zentro-eskuina desegingo litzatekeela ohartarazi du.
Gobernu teknikoaren aukera
Oposizioko alderdiak—Alderdi Demokratikoa, UDC, FLI, Italiarako Aliantza eta Balioen Italia— Parlamentutik atera ziren atzo Berlusconik hitza hartu zuenean; gaur, ostera, guztiak hartuko dute euren lekua, zentro-eskuineko gobernuari parlamentuaren konfiantza ukatzeko ahaleginean. Pierluigi Barsani PD Alderdi Demokratikoko buruaren arabera, lehen ministroaren hitzaldia «penagarria» izan da. Haren ustez, Berlusconik ez dio Giorgio Napolitanoren eskariari erantzun, Italiako presidenteak gobernuaren krisia konpontzeko proposamen zehatza egiteko eskatu baitzion asteartean.
Parlamentuaren babesa jasota ere, gobernu krisiaren aterabide bakarra lehen ministroaren dimisioa dela dio oposizioak. «Berlusconi jada ez da existitzen. Berehala antolatu behar dira bozak», dio Antonio Di Pietro Balioen Italia alderdiko buruak. Zentro-ezkerreko alderdiek bozak aurreratzea hobesten dute, baina trantsizioko gobernu teknikoa osatzeko aukera ere ez dute baztertzen.
Berlusconiren azken ataka ezustean sortu da. Ahoa tapatzeko legea izenekoa onartzea zen astearteko gai nagusia legebiltzarrean, baina ez ziren bozkatzera iritsi. Iazko kontuak onartzeko bozketan berdinketa izan zen: 290 alde eta 290 kontra. Aho zabalik geratu zen Berlusconi, boto bakar bat gehiago behar baitzuen. Deigarriena, halere, Giulo Tremonti eta Umberto Bossi ministroak eta PDLko 19 parlamentari bozketara ez agertzea izan zen. «Ezohiko egoera» sortu duen «akatsa» izan dela azaldu du Berlusconik.
Silvio Berlusconiren indarra neurtuko dute gaur Italiako Legebiltzarrean
Lehen ministroaren hitzaldia «penagarria» izan dela dio oposizioak, eta bozetara deitzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu