Korsika

Simeoni: «Gure herrialdea izango dugu»

Agintari autonomista berriz hautatu dute Korsikako presidente, eta lankidetzarako deia helarazi die mugimendu nazionalistako aliatu ohiei. Uhartearentzako irtenbide politiko baten beharraz ohartarazi dio Parisi.

Gilles Simeoni, Korsikako presidente aukeratu berritan. BERRIA
ander perez zala
2021eko uztailaren 1a
17:39
Entzun

Hein batean bada ere, Gilles Simeoniren kargu hartzeak ez du aurreko bien izaera historikoa eta sinbolikoa izan. Mugimendu nazionalista zatituta dago, eta inbestidura saioa horren erakusle izan da hasiera-hasieratik: desadostasunak izan dira Paul-Felix Benedetti independentistarekin prozesuaren inguruan, eta Avanzemu pe a Corsicakoek eta Benedettiren Core in Frontekoek ez dute parte hartu gobernuburua eta ministroak aukeratzeko bozketan. Autonomisten eta independentisten artean ere, batzuek ez dute txalotu ez Simeoniren adierazpena, ezta haren garaipena ere; eta, halere, hasi berri den legealdian Korsikako presidente izango denak lankidetzarako deia helarazi die aliatu ohiei, uhartearen «emantzipaziorako bidean» jarraitzeko.

Simeoniren diskurtsoa sinbolikoa izan da, instituzionala, politikoa, programatikoa eta une batzuetan historikoa, baina, aldi berean, 2015ekoekin eta 2017koekin antzekotasunak izan dituena. Eta horrek gauza bat esan nahi du: hainbat auzi oraindik konpontzeko daudela, alde baten edo bestearen, edo bi aldeen jarreren ondorioz. Korsikako presidenteak aitortua zuen hori, eta horregatik defendatu du hasi berri den legealdiak «sakontzeko» behar duela.

Ez dira gutxi agintari autonomistak dituen erronkak: eguneroko auziez gain, haren adierazpenak agerian utzi du mugimendu nazionalistaren batasuna berreskuratzea duela helburuetako bat, eta berriz ere lankidetzan aritu nahi duela aliatu ohiekin, Asanblean gehiengo osoa izango duen arren (63 aulkitik 32). Izan ere, Simeoniren ustez, Korsika «bidegurutze batean» dago, eta denen babesa beharko du uharteak aurrera egin dezan; baita eskuinarena ere, iradoki duenez, geroz eta gehiago izanda, orduan eta hobe izango delako.

Agintari autonomistaren hitzen artean, berradiskidetzea izan da arreta handiena bereganatu duena. 2015eko eta 2017ko garaipenei esker, bitan zatituriko sei urteko agintaldia egin dute Korsikako nazionalistek, baina bidean zatiketak eta barne desadostasunak gailendu dira Simeoniren, Jean-Guy Talamoni independentistaren eta Jean-Christophe Angelini autonomistaren artean, Pe a Corsica koalizio hautsi eta egungo testuingurura iristeraino.

Iragan legealdiko bilana soilik bere egitea kritikatu diote Korsikako presidenteari, eta zatiketa horren errudun izatea ere bai, hiruren arteko akordioaren terminoak aldatzeagatik. Badirudi, ordea, bere posizioak ematen dion indar politikoa oinarri hartuta, Simeonik ez duela iritzia aldatuko horren inguruan, aliatu ohiei eskaintza politiko bera helarazi baitie.

Pasatu diren bozetako bigarren itzulian, hiru zerrenda nazionalistek babesen ia %68 bildu zituzten, eta Korsikako presidenteak kopuru hori aitzakia gisa hartu du batasunerako deia berriz helarazteko: «Hitz egin dezagun, eraiki dezagun. Korsikarrei zor diegu, gure eginbeharra da, gure erantzukizun komuna».

Finean, erreferentziez beteriko diskurtsoa izan da Simeonirena, egungo egoera eta datorrenari begira, baina batez ere iragan agintaldian gertaturikoaz. Zer esanik ez pasatu den legealdian Asanblean izan direnei eta aurten hautatuak izan ez direnei erreferentzia egiteko baliatu duela aukera; horretan, bakarrak hartu du protagonismoa, Korsikako presidentearekin batera hainbat negoziaziotan eta talkatan izan den Talamonik.

Harekin batera, noski, azken hamarkadetan Korsikaren alde «borrokatu diren, sakrifikatu diren gizon eta emakumeez» ere oroitu da; horien artean, noski, Claude Erignac prefetaren hilketagatik zigortu zituzten Yvan Colonna, Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi presoak.

«Poza eta larritasuna»

Simeoni jakitun dago datorrena legealdi gogorra izan daitekeela. Bruselan negoziatu beharko dute, Korsikaren uharte izaeragatik, eta Europako funtsak tarte horretan amaituko direlako. Baina baita Parisen ere, ia auzi guztietarako haren baimena behar baitute. «Poza eta larritasuna», horiek dira agintari autonomistaren sentimenduak, datorrenari begira.

«Nola ez», Korsikak irtenbide politiko baten beharra duela ohartarazi dio Frantziako Estatuari, ahalik eta azkarrena adostu behar dena, «gai batzuen inguruan, egutegi baten inguruan». Simeonik «zuzenbidea, justizia, ekitatea» nahi ditu uhartearentzat Parisen partetik: «Hori ez ematea ez da duina Frantzia den estatu demokratiko handiaren partetik, edo halakoa dela dioen Frantziaren partetik».

Oraingoan, baina, nola lortu Parisen baiezkoa, Mediterraneoko gainontzeko irlek dutenaren antzeko autonomia? Simeonik ez du estrategiari buruzko xehetasunik eman, ezta jakinarazi ere aldaketarik izango denik; horren aurretik, batasuna du helburu, Frantziako Estatuari presio egiteko gehiengo bat: «Ez dugu herrialde bat emantzipazioaren bidean jartzen %41arekin. Sakoneko arazoak konpondu behar ditugu».

Badira arazoak, baina Korsikako presidentea baikor da: «Gure herrialdea izango dugu».

Maupertuis, Asanbleako lehen emakume presidentea

Simeoniren kargu hartzearen aurretik, uharteko parlamentuko burua aukeratzekoa egin dute. Hala, Korsikako Asanbleak lehen aldiz izango du emakume presidente bat: Marie-Antoinette Maupertuis da, Femu a Corsica alderdi autonomistako kidea eta iragan agintaldian Turismo Agentziaren buru izandakoa.

Fa Populu Inseme bere zerrendak bozetan jasotako gehiengo osoa baliatuta hautatu dute kargu horretarako, eta Talamoniren tokia hartuko du hasi berri den legealdirako; hark bezala, Maupertuisek ere uharteko parlamentuaren eta gobernuaren arteko «artikulazio askoz ere hobea» nahi du, eta horren alde lan egiteko konpromisoa hartu du.

Denera, hiru hautagai aurkeztu dira Asanbleako presidente posturako: Maupertuisez gain, Errepublikanoak alderdi eskuindarreko Valerie Bozzi eta Core in Fronte independentistako Veronique Pietri. Lehenak aldeko 32 boto jaso ditu (63tik); bigarrenak, hamazazpi; eta hirugarrenak, sei; hala, Femu a Corsicako politikaria kargu hori hartzen duen bigarren nazionalista bilakatu da.

Bozketako hutsune deigarriena Angelirena izan da, ez baitu hitzorduan parte hartu bere zerrendako sei ordezkariekin batera; horretako bakarra izan da aulkietan, Corsica Libera independentistako Josepha Giacometti. Gertakariak, hortaz, berriz ere utzi du agerian mugimendu nazionalistaren barne zatiketa.

Txalo zaparrada jaso ostean, Korsikako Asanbleako presidente berriak lehenik korsikeraz eta gero frantsesez egin du haren diskurtsoa, eta horretan adierazi du uharteko parlamentuko dibertsitatea errespetatuko duela, eta Asanbleako funtzionamenduaren «modernizatzea» izango duela helburu datozen urteetan. «Erronka asko izango ditugu agintaldi honetan».

Horietako bat Frantziako Gobernuarekin negoziatzea izango da. Auziaz, Maupertuisek uste du Parisek «entzun egin behar» duela «hautetsontzietatik pasatu den herri korsikarraren ahotsa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.