Irlanda

Sinn Feinek seigarren ordezkaria lortu du Irlandako Parlamentuan

Atzo izan ziren Donegall konderriko bozak, urte eta erdiz konderria parlamentaririk gabe egon ondoren. Lehen aldiz irabazi ditu konderri horretako hauteskundeak Sinn Feinek. Gerry Adams Sinn Feineko buruak adierazi du Irlandako bozetara aurkeztuko dela, maiatzean.

2010eko azaroaren 26a
18:52
Entzun
Atzo izan ziren Irlandako Donegall konderriko bozak, eta Sinn Feineko Pearse Dohertyk irabazi ditu. Orain arte bost ordezkari zituen Sinn Feinek Irlandako Parlamentuan, eta seigarren eserlekua lortu du.

Urte eta erdiz egon da hutsik parlamentuko aulki hori, Pat Gallagher Fianna Fail alderdiko kidea europarlamentari bihurtu zenetik. Hauteskundeak deitzeko atzerapenaz kexatu dira beste alderdiak, eta azkenik atzorako deitu zituen bozak parlamentuak. Lehengo aldiz izan da Sinn Fein konderri horretako alderdi bozkatuena.

Emaitza porrota izan da Fianna Failentzat, gobernuko alderdi bozkatuena. Badirudi krisi ekonomikoak min egin diela, eta hurrengo hauteskundeetan alderdiaren emaitzek behera egingo dutela aurreikusi daiteke.

Donegall irlandera edo gaelikoa gehien hitz egiten den konderria da, baita gaelikoko ikastola gehien dituena.

Adams Irlandako hauteskundeetara aurkeztuko da

Irlandako hauteskundeak heldu den maiatzean izango dira, baina herrialdean dagoen krisi ekonomiko zorrotza kontuan hartuta, litekeena da bozak aurreratzea. Gerry Adams Sinn Feineko buruak berriki adierazi du hauteskundeetara aurkeztuko dela. Lehen aldiz aurkeztuko da Adams Irlandako hauteskundeetara. Aurretik Irlanda iparraldean eta Erresuma Batuan aurkeztu izan du bere burua, baina ez Irlanda hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.