DUP Alderdi Demokratiko Unionistarekin Hillsborougheko gazteluan izandako negoziazioak itxitzat eman ditu Sinn Feinek gaur, eta adierazi du uste duela badagoela "oinarria" Irlanda iparraldeko Barne eta Justizia eskuduntzei buruzko akordioa lortzeko.
Bake prozesua eragin zuen Ostiral Santuko Akordioan jasotzen den azken puntua da Barne eta Justizia eskuduntzena. Hura maiatzerako Irlanda iparraldeko agintarien esku egotea da Sinn Feinekoen helburua; hala, Stormontek erabateko autonomia edukiko lukeelako. Aldiz, DUPek ez du hitzarmena lortzeko presarik.
Sinn Feineko buru Gerry Adamsek argi utzi izan du lehendik ere jakin bazekitela elkarrizketak ez zirela errazak izango. "Hau bidaia bat da, eta bide horretan egin beharreko beste geldialdi bat da akordioa. Oztopo gehiago gainditu beharko ditugu. Baina atal berri hau lankidetzan eraikiko dugun esperantza dut". DUP eta Sinn Fein elkarrekin daude Irlanda iparraldeko Gobernuan.
Erresuma Batuko lehen ministro Gordon Brownek eta Irlandako Brian Cowenek bertan behera utzi zituzten atzo euren eginbeharrak, aste honetan bigarren aldiz. Herenegun, akordioa ordu gutxiren buruan lortuko zuten ustean, hegazkina hartzeko prest egon ziren bi gobernuburuak, baina azken unean huts egin zuten bilerek -Brown eta Cowen Hillsboroughera joatekoak dira hitzarmena lortuz gero-.
Autonomia 2007an berreskuratu zuen Irlanda iparraldeak, egungo exekutiboa osatu ondoren. Saint Andrewsko Akordioen ostean, Londresek ez luke autonomia eteteko aukerarik izango, errepublikano eta unionisten akordioak huts egiten badu ere.
irlanda iparraldea
Sinn Feinek uste du badagoela "oinarria" Barne eta Justizia eskuduntzez akordioa lortzeko
Alderdi Demokratiko Unionistarekin izandako negoziazioak itxitzat eman ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu