Gerra da Ekialde Hurbilean. Libanotik, Siriatik eta Irandik koheteak ari dira jaurtitzen Israelera. Sirena hotsak ohartarazi ditu herritarrak, eta zazpi milioi lagunek babes hartu dute bunkerretan. Eta psikosia da nagusi. Ez Israelen; Libanon baizik. Gerra hori, izan ere, ez da Tel Avivek prestatutako simulazioa besterik; gezurrezko gerra, alegia. Israelgo historian armadak egindako handiena, dena dela. Eta Libanoko Gobernua erne jarri da. Beirutek alerta egoeran jarri ditu bere soldaduak.
Hauteskunde bezpera da Libanon. Eta ez da kasualitatea Israelek aste honetarako antolatu izana simulakroa. Analista askoren ustez, datorren igandeko bozetan eragin nahi du Tel Avivek, eta ez zaio beldurraren kanpaina egitea baino aukera hoberik bururatu: Hezbolak agintea eskuratuz gero, azken finean, gerta litekeenaz ohartarazi nahi ditu herritarrak.
Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroaren adierazpenetatik ere hala ondorioztatu liteke: horrek esana da Martxoaren 8ko aliantza garaile irtenez gero, Tel Avivek «eskuak libre» izango dituela edozein libanoar jomugan jartzeko -Hezbolak eta Michel Aoun buru duen alderdi kristauak osatzen dute aliantza hori-.
Hasan Nasrala Hezbolako buruzagiak berak ere zantzu txarra hartu die saio militarrei; horren ustez, «ustekabeko gerra» baterako aitzakia izan litezke: «Ez dugu espero halakorik gertatzea, baina gure betebeharra da eskura ditugun prebentzio neurri guztiak hartzea».
Beldurraren kanpaina
3 Inflexio Puntua izena jarri diote herenegun hasi eta bost egunez luzatuko den operazioari. Iturri ofizialen arabera, helburua da ondoko herrialdeetatik egindako erasoei aurre egiteko Israelek duen defentsa gaitasuna ezagutzea. Gaurkoa da egun garrantzitsuena: sirena hotsak entzutean, herritarrek babes hartu beharko dute.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarentzat, «errutina militarren» barnean daude probak. Ez du inork zertan kezkatu, beraz. Eskuin muturra agintean denetik, baina, Gobernuak Hezbola alderdi xiitaren aurkako dialektika gogortu du; Martxoaren 8ko aliantzak hauteskundeak irabaziko balitu, Libano «gaizkiaren ardatzean» sartu beharko luketela esan duenik ere izan da.
Inkestak alde ditu Hezbolak. Analista politikoen iritziz, hala ere, mugimendu xiitaren garaipenak ez luke eszena politikoa askorik aldatuko. Konstituzioaren arabera, izan ere, komunitate erlijioso guztiek izan behar dute ordezkariren bat boterean. Eta Gobernuak batasun nazionalekoa izan behar du.
Ez du horrek Israel lasaitu. Gezurrezko bonbak aitzakia jarrita, tentsioa zabaldu du, eta gerrarik ez den arren, haren barne auzietan eragitea lortu du. Ostegunera arte luzatuko du simulakroa; Barack Obama AEBetako presidenteak herrialde arabiarrei zuzendutako diskurtsoa hastean, ia aldi berean, amaituko da guztia. Libanoko agintariek, artean, lasaitasunerako deia egin besterik ez dute.
Sirena hotsak Hezbolaren aurka
Israelek Libanoren aurkako gerra simulatua hasi du; analisten ustez, ez da bozetan eragiteko estrategia besterik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu