Siriako eta Jordaniako armadak elkarri tiroka ibili direla adierazi du Jordaniako Gobernuak. Borrokak bi herrialdeen arteko mugako Tel Shihab-Turra inguruan izan ziren, ortziral arratsean, Ammango iturriek diotenez. «Siriako indarrek mugatik tiro egin zuten, eta borroka hasi zen. Hasierako berriek diote Jordaniako aldean ez dagoela hildakorik», dio agiri ofizialak. Damaskok ez du gertakaria berretsi.
Libanoko mugan ere antzeko gertakariak izan dira iaztik. Siriako Gobernua kexu da Libanotik eta Jordaniatik «talde terroristak» sartzen direlako bere lurraldean. Oposizioko hainbat taldek diote, ordea, gatazkatik ihesian doazenei tiro egiten diela armadak. Iazko martxoan Baxar al-Assad presidentearen aurkako matxinada hasi zenetik, 140.000 errefuxiatu jaso ditu Jordaniak, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Batzordearen arabera. Horietatik 40.000 lau kanpalekutan ezarri dituzte.
Damaskon ere borrokak
Sirian bertan, berriz, borrokaren erdiguneak Halaben jarraitzen duen arren, Damaskon ere erasoen berri eman dute. Russia Today telebistaren arabera, tiroketak izan dira NBE Nazio Batuen Erakundeko misioa ezarrita dagoen hoteletik 200 metrora. Kate horretako berriemaileak dioenez, gutxienez hiriburuko bortz barrutitan aritu dira elkarri tiroka gobernuaren indarrak eta oposiziokoak. Zenbait matxino parlamentuari erasotzen saiatu direla ere erran du. Siriako telebistak jakinarazi duenez, berriz, hiru kazetari eta haien gidaria bahitu dituzte hiriburuko borroken berri ematen ari ziren bitartean.
Halaben, armadak matxinoen posizioak hegazkinekin bonbardatu dituela erran dute oposizioko iturriek. Siriako telebistaren arabera, berriz, Halabera bidean zihoazen «hainbat terrorista» hil ditu armadak, eta horietako lau Libiakoak zirela nabarmendu du.
Siria eta Jordania elkarri tiroka aritu dira mugan
Ammanen arabera, borrokan ez da Jordaniako inor hil; Damaskok ez du gertakaria berretsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu