Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria Istanbulen izan zen atzo, Turkiako agintariekin eta Siriako oposizioko ordezkaritza batekin biltzeko. Baxar al-Assaden agintea lehenbailehen amaiarazteko bat etorri ziren hiru aldeak, eta Siriako Gobernuaren aurka borrokan ari diren taldeei AEBek aurrerantzean ere diruz lagunduko dietela agindu zuen. Horrez gain, baina, Siriako gatazkan Turkiari gehien interesatzen zaion auzia ere ahotan izan zuen Clintonek: Kurdistan. Ankara lasai uzteko, argi mintzatu zen, eta AEBek Turkiako Gobernuaren «nahi bera» dutela adierazi. «Siria ezin da PKK-ko [Kurdistango Langileriaren Alderdiko] terroristen babesleku bihurtu, ez orain, ez Al-Assadek alde egitean». Siriako aire eremua debekatzea aztertzen ari direla ere erran du.
Clintonekin edukitako bilkuraren ondotik, Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroakPKKren mamua hauspotu du, Siriako gatazkaren eraginez sor litekeen «botere hutsunea» balia lezakeelakoan Kurdistango gerrillak. «Ahalegin bateratuak egin behar ditugu botere hutsunea gerta ez dadin neurriak hartzeko», adierazi du, nolabaiteko esku hartzeren bat iradokiz.
Autonomiaren beldur
Siriako Gobernuaren matxinada hasi zenetik, Kurdistan mendebaldean —Siriaren menpekoan—kurduek gero eta botere gehiago lortu dute, bi faktore nagusirengatik: bata, Al-Assaden aurkako talde armatuen eta armadaren arteko borrokak hagitz urriak izan direlako han, eta, bertzea, Damaskoren menpeko indarrek hainbat hiri garrantzitsutatik alde egin dutelako, edo bertzerik gabe ez dietelako oztopatu kurduei administrazioaren kontrola hartzea. Ankarak dioenez, kurduek haien gaineko lurraldearen autonomia lortuz gero PKK-k Turkiari erasotzeko erretagoardiatzat erabiliko du lurralde hori. Hori dela eta, Turkiako armada Kurdistan iparraldearen —Turkiaren menpekoaren— eta mendebaldearen artean hedatu da, eta muga gurutzatu eta inbaditzeko mehatxua ere egin du. Ankararen arazoa da, Irakeko kurduen ereduaren ondoren Siriakoek ere autonomia lortuz gero, Turkiaren menpekoen aldarrikapena zeharo azkartuko litzatekeela.
Kurduek Turkiaren agendan toki garrantzitsua betetzen duten arren, Siria osoko egoera ere mintzagai izan dute Istanbulen, bereziki oposizioko taldeei Al-Assad boteretik kentzeko nola lagundu eztabaidatzeko. AEBek eta Turkiak «lanerako talde bateratu bat» eratuko dutela jakinarazi du Clintonek, eta han espioitza zerbitzuek eta militarrek «rol garrantzitsua» jokatuko dutela. Talde horrek aztertu beharreko aukeren artean aire eremua debekatzea dagoela erran du Clintonek, baina «analisi sakonik eta plangintzarik gabe» ez dutela erabakirik hartuko zehaztu du. Libian, aire eremua debekatuta NATOk aire laguntza eman zien matxinoei, eta hori erabakigarria izan zen Muammar Gaddafi boteretik kentzeko. SNC Siriako Kontseilu Nazionalak eta Siriako Armada Askeak behin baino gehiagotan eskatu diete Mendebaldeko aliatuei erabaki hori hartzeko.
Banen ustezko aitortza
AEBek oposizioko taldeei orain arte 25 milioi dolar eman dizkietela erran du Clintonek —20,3 milioi euro—. «Laguntza ez-hilgarria» helarazi dietela adierazi du, hau da, ez dietela armarik eman. «Baina ez dut xehetasunik emanen nola laguntzen ari garen azaltzeko, jendea arriskuan ez paratzeko». Oposizioari emandako laguntzaren helburua «gatazka laburtzea» dela erran du Clintonek.
Gennadi Gatilov Atzerri ministrordeak ere Siriako oposizioa mintzagai izan du. Hark dioenez, Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak onartu egin du Al-Assaden aurkako talde armatuak direla indarkeria areagotzearen erantzuleak. Banek NBEko Segurtasun Kontseiluari eskutitz bat idatzi zion herenegun, organo nagusiari eskatzeko bermatu dezala nazioarteko erakundearen misioak Sirian jarraitzea. Gatiloven arabera, idazki horretan egin zuen Banek aitortza.
Siria ez dela PKKren babesleku bihurtuko erran du Hillary Clintonek
Turkiako agintariekin eta Siriako oposizioarekin Al-Assad boteretik kentzeaz mintzatu da AEBetako Estatu idazkariaSiriako aire eremua debekatzeko aukera aztertzen ari direla adierazi du Clintonek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu