Dara eta beste hainbat hiri itxirik dauzkate Bashar al Assad presidentearen segurtasun indarrek, eta errepresioa egunez egun gogortzen ari da, presidenteak dimisioa eman dezan eskatzera gero eta jende gehiago ateratzen ari baita. Atzo bertan, hogei hildakoren berri eman zuten, Amorruaren Egunean, eta 83 bat gorpu aurkitu dituztela ere jakinarazi zuten, emakumeak eta umeak tartean. Siriako oposizioa nazioarteari erantzun dezala eskatzen ari zaio egunero, arren, baina erantzuna espero baino beranduago heltzen ari da, eta ez nahi bezala, Al Assaden kontra egitea zaila daukatelako. Damaskon, hala ere, orain arteko babesik zabalena jaso du oposizioak, ezen 10.000 lagun atera ziren kalera.
Nazio Batuen Erakundearen giza eskubideen batzordeak AEBek proposatutako erabakia onartu zuen atzo, gobernuaren errepresioa gaitzetsiz eta han gertatzen dena aztertzeko misio bat bidaltzea erabakiz, baina ez dute denek bat egin; besteak beste Txinak, Errusiak, Kubak eta Ekuadorrek kontra egin baitute, baita herrialde arabiar batzuek ere, Sirian atzerritarrek ez dutela esku hartzeko eskubiderik argudiatuta. Indarkeria gaitzesteko bat etortzen zaila egiten ari bazaie, are zailagoa da zigorretan ados jartzea. NBEk asteon ez du lortu testurik aurrera ateratzea, Txinak, Errusiak eta Libanok atzera egin dutelako. Barack Obama presidenteak, hala ere, hainbat zigor ezartzea erabaki zuen atzo, eta baita Europako Batasunak ere, errepresioaren erantzun gisa.
Libian bezala esku hartze militarrik ez dela egongo erabakitzerakoan, berriz, bat datoz denak. Siriako erregimena ez delako Libiakoa. Al Assad familiak lau hamarkadatan eskualdean jositako harreman sareak, hark duen giltzak, harrapatuta dauzka Ekialde Hurbileko giro gaiztotuan zeresana duten herrialdeak, izan ingurukoak, edo atzerrikoak. Mediterraneo itsasora zabalik, Israel, Libano, Irak eta Turkiarekin egiten du muga Siriak; Iranen laguna da, Hezbolarekin eta Hamasekin ere harremana landutakoa, eta Israelekin gerran egonda ere orekari eusten iaioa. Turkiarekin, Siriarekin, Libanorekin eta Jordaniarekin pertsonak eta salerositako produktuak libre aritzeko akordioa egin zuten iaz, eta Siriak du bereziki lekurik garrantzitsuena beste hiruren artean, denen mugetan egonik, handik igaro behar baitu derrigor. Europarentzat eta AEBentzat ere, Al Assad garrantzitsua bilakatu da. EBk merkataritza harremanak sendotu ditu 2008az geroztik, eta Mediterraneoan Libiarekin batera lehentasuna zela argi zeukan; orain arte. Herrialde bakoitzak bere harremana dauka Siriarekin, hauek korapilatsuenak:
1. Libano
Siriak Libanoko gerretan baten zein bestearen alde egin du, beti eraginez, aliantzak komenitakoaren arabera eginez, bere egonkortasunari eustearren, eta Israelekin norgehiagoka kontrolatuan. Orain, gobernua desegin berri dela-eta Libanok azken urtebete eskasean izan duen oreka ahula galduta, beldur dira 1975etik 1990era iraun zuen gerra zibila berriz ere piztuko dela Al Assad erortzen bada. Siriaren aldekoez eta kontrakoez osatuta zegoen gobernua, baina Hezbola alderdi xiitak eta haren aliatuek gobernua utzi zuten urtarrilean, Rafik Haririren hilketaz akusatuko zituztela-eta —Siria hilketaren erantzule egiten du Mendebaldeak—.
1975. urtean gerra zibila lehertu zenean sartu zituen tropak Libanon, baina lehenago, Sei Eguneko gerraren ostean han errefuxiatu ziren palestinarrak armatu zituen. Palestinarren indarra gehiegizko iruditu zitzaionean sartu zen kristauei laguntzera eta palestinarren indarra geldiaraztera. 1982an, baina, Israelek inbaditu zuenean kristauen hegemonia jartzearren, Siriak han geratzea lortu zuen. Israel militarki indartsuagoa izan arren, Libanoko gerra gaiztotuari irtenbidea emateko gaitasunik ez zuela erakutsi zuen, eta Siriak egin zuen bitartekari hainbat indarren artean, besteak beste, 1990ean Siriako Gobernuak Michel Aoun jenerala botatzeko eskaera formala egin zionean. 1991n, libanoarrekin akordioa sinatu zuen herrialdean haien presentzia gauzatzeko, eta bide batez Israelekin balizko negoziazioetarako akordio garrantzitsu bat lortu zuen.
Siriak Libano bere lurraldetzat jotzen du, nahiz eta 2008an urratsa egin zuen onartze aldera—tartean liskarrak izan zituzten Haririren hilketaren harira—. Bien bitartean, Libanoko Israelen kontrako erresistentzia Hezbola talde xiitaren barnean antolatu zen, Iranek lagunduta, eta Siriaren babesa dauka. Siriako herritar gehienak sunitak dira, baina Al Assadtarrak eta erregimeneko kargudunak alauiak dira, xiiten adar bat, eta lagungarria izan zen hori Hezbolarekin harremana izateko.
2. Israel
Damaskoren etsairik handiena da, Libanoko auziaz gain, okupatua baitio Golan Gaina ere. Siriako lurralde estrategiko hori 1967an okupatu zuen Israelek, eta 1981ean bereganatu. Ekialde Hurbileko auzian Palestinako lurralde okupatuekin batera negoziazio mahaian ezarritako puntua da hori ere. Siriak lurraldea berreskuratzearren Israelekin bakea sinatuko balu, baina, Hezbolarekin eta Hamasekin hausteko prest legoke, eta horrek inguruko harreman guztiak aldatuko lituzke. Israelek Al Assad ez du lagun, eta hura botatzearekin amets egiten du neurri batean, baina beste batean eta teorian gerran dauden arren, Tel Aviv beldur da hura gabe gehiengo sunitak erregimena bota eta gobernu erradikalagoa jarriko duela, eta edozein krisitan ezinezkoa izango duela akordiorik lortzea, orain arte ezkutuan egin duten bezala.
Israelentzat Damasko Hamas bezalako talde islamisten egoitza da, eta Libanoko Hezbolari Iranek ustez ematen dizkion armen bidea, baina 1973tik Israelek duen mugarik lasaiena ere bada Siriakoa, eta harekin ongi moldatzeak Hezbola, Hamas eta Iranen arteko harremana ahulduko lukeela pentsatzen du. Al Assaden Siriarik gabe Ekialde Hurbileko giro gaiztoa kontrolaezina bilakatzeko arriskua ikusten du.
3. Turkia
Siria Turkiaren lehentasunetako bat da, batez ere Recep Tayyip Erdoganen AKP alderdia boterean dagoenetik, Damaskon inbertsore garrantzitsuena bilakatzeraino —Israelekin dituen harremanak hoztuz joan diren neurri berean—. Kide estrategikoa izendatu zuen iaz Siriak Turkia —ordura arte Iranek soilik zuen ohore hori—. Mugaz gain, interes politiko eta ekonomikoak ere partekatzen dituzte. Batetik bestera igarotzeko askatasun osoa dute, eta orain Turkia beldur da egoera okertzen bada irits dakiokeen iheslari oldeaz.
Erdogan lehen ministroak eskatu dio publikoki«anaiari» erreformak bidera ditzala. Nazioartera begirako keinua izateaz gainera, kurduen auzia partekatzen dute bi herriek, eta Sirian kurduak ere borrokan direla-eta ez du haien aldarrikapenek muga igarotzerik nahi.
Erdogan Milli Gorus mugimendu erradikaletik dator, antisionismoaren idearioa izateagatik ezagun den taldetik, eta Israelek kritikatu dio bere sustraietara itzuli izana, baina Siriarekin eta oro har mundu musulmanarekin harremana estutzeaz gainera, AEBekin Irakeko gerran lortutako aliantza sendotuz joatea lortu du Turkiak, eta Mendebaldearen interesen laguntzaile bilakatu da eskualdean, bere eragina handituz. Siriaren eta Israelen arteko liskarrak konpontzeko bidean bitartekari aritu izan da, eta horretan jarraitzeko asmoa berretsi du. Turkia eta Siria Gazaren defentsak ere batzen ditu, eta Al Assad eta Erdogan negoziatzaile aparta izateak.
4. Iran
Siriako Gobernuaren errepresioa bideratzen laguntzen ari dela leporatzen ari zaio nazioartea egunotan Irani. The Wall Street Journalen arabera, matxinadak geratzeko tresneria, militarrak eta mertzenarioak bere zerbitzura jarriak dizkio, eta horretan jarraitzeko asmoa du, egoera kontrolpean izan arte. Gatazketan informazioaren atzean egoten den propaganda kontuan hartuta ere, ukaezinak dira Irango eta Siriako gobernuen arteko harreman estua eta Teheranen eraginkortasuna inguruan.
Siria eta Iran Libanoko Hezbolarekin eta Gazako Hamasekin batera George Bushek marraztutako gaizkiaren ardatza dira, eta Siria-Iran, berriz, AEBen eta Israelen inperialismoaren kontrako ardatza. 2006an gauzatu zuten elkarrekin aritzeko segurtasun hitzarmena, «etsaien erasoei aurre egiteko». Urtarrilean, Ali Akbar Salehi Iranerako kantzilerra Al Assadekin hitz egitera joan zen Damaskora herrialde arabiarretako protestak aztertzeko asmoz, eta haien aurrean hartu beharreko jarreraz hitz egitera. Inguruko herrialdeek irtenbidea bilatu beharra aldarrikatu zuten bilera haien ondoren, Mendebaldeak ez duela zertan eskua sartu.
1979ko iraultzaz gero dator bi herrien arteko harremana Ruhola Khomeini Irango Errepublika Islamikoaren sortzaileak Al Assadtarren alauismoa publikoki eskertu zuenetik. Gaur arte. Hezbola Libanon boteretsu bilakatuta, eta eskualdean indar armatu garrantzitsuenetakoa izanda, Teheranek eta Damaskok bitartekari garrantzitsua dute Israelen kontrako erresistentziarako, bi herriak modu zuzenean sartu behar izan gabe.
5. Gaza eta Zisjordania
Damasko hainbat erakunde palestinarren egoitza izan da. Gaur egun Hamas babesten du Siriak, eta taldeko lider Khaled Meshal Damaskon bertan bizi da. Siriako Gobernuari, Irani bezala, armak eta entrenamendua ematea leporatzen dio Mendebaldeak. Hamas 1987an sortu zen Israelen errepresioari erantzuteko, eta Jasser Arafaten PAN Palestinako Aginte Nazionala ahulduz, eta urte batzuetan Tel Aviven amets gaiztoa bilakatu zen. Hamasekoak sunitak dira, baina ez die axola alauitarrei, nahi dutenean laikoak edo behar dena izaten ere badakitelako.
6. Irak
Irakeko Gobernuak erabakita dauka Al Assad babestea, lurralde hartan segurtasuna ziurtatzeko ezinbesteko aliatutzat duelako. Damaskok harreman diplomatikoak apurtu zituen 1982an, Sirian Anaia Musulmanek gidatutako protesten bultzatzaile izatea leporatu ondoren Bagdadi. Damasko, gainera, bakarra izan zen Teheran babesten Iranen eta Iraken arteko gerran (1980-1988), eta, ondoren, Saddam Husseinen ondokoak etxean hartu izanak ez du lagundu. 25 urte egin zituzten harremanik izan gabe, eta 2006an horrekin apurtzea erabaki zuten. 2009an ere krisia izan zuten, atentatu aro bereziki gaiztoa izan zenean.
Damaskok terroristak hartzeaz gain, haiei armen atzean egotea leporatu izan diote Bagdadek eta Washingtonek, eta giroa baketzeko Al Assad alboan izatea komeni dela erabaki dute, hura haserretzen bada egoera are gehiago nahas daitekeela uste dutelako. Irakentzat, horrez gain, Damasko gune oso garrantzitsua da negozioetarako; merkataritza akordio asko egin dituzte azkenaldian.
7. AEB
George Bushen gobernuak sartu zuen gaizkiaren ardatzean Siria, eta Barack Obamaren gobernuak teorian orduko politika aldatu gabe jarraitzen du, baina praktikan urratsak egiten hasi da Ekialde Hurbileko gatazka konpondu nahi duelako.2003an estatubatuarren abentura militarren jomuga izan zitekeela pentsatzekoa zen, Irakekoaren ostean. Siriak AEBen esku hartzea sutsuki kritikatu zuen, eta berehala hasi ziren esaten Irakera gerrarako materiala barra-barra bidaltzen zuela eta Husseinen lagunak babesten zituela. Hori aurretik konpondu gabeko auziei gehitu zitzaien: Libanon Siriaren esku hartzeri eta Hezbolaren eta Hamasen babesari.
Protestak herrialde arabiarretan
Siria izatearen garrantzia
Ekialde Hurbileko egonkortasunerako gakoa delako, lotuta dauka Al Assadek nazioartea, erortzen bada egoera okertu daitekeelakoanDamaskon inoiz baino manifestari gehiago elkartu da; Daran, 83 gorpu aurkitu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu