Mendebaldea gero eta argiago mintzatzen ari da Siriako gatazkaren inguruan. François Hollande Frantziako presidenteak paratu zuen mugarri nagusia joan den astean, nazioartearen esku hartze militarrerako aukera era irekian aipatzean. AEBek ere «aukera guztiak» dituzte zabalik. Gerra aurreko giroa sortu dute adierazpen horiek, eta ezinbertzean Libian gertatutakoa oroitarazi, Afrikako herrialdearen aurkako erasoan inplikatutakoek paralelismo oro ukatu nahi badute ere. Libian gatazka hasi eta hilabete eskasera eraso zioten nazioarteko indarrek Muammar Gaddafiren erregimenari. Sirian aurki hamabortz hilabete beteko dira gatazka piztu zenetik, baina, hala ere, Libiako eredua gainean izan du beti.
1. AEBak
Barack Obamak iazko otsailaren 24an egin zituen Libiari buruzko lehen adierazpenak, Bengazi hirian lehen istiluak lehertu eta astebete ingurura, Europako herrialde nagusietako buruzagiek baino geroago. George Bushengandik oinordetzan bi gerra jaso zituen Obamak —Iraken eta Afganistanen—, eta Libiakoa bihurtu zen berak sustatutako lehena —eta orain arte bakarra—. Horregatik, lehenbiziko hitzaldi hartan argi markatu zuen bere estrategia: «alde bakarreko erabakirik» ez zuela hartuko erran zuen, eta EB Europako Batasunarekin, NBE Nazio Batuen Erakundearekin eta, oro har, «nazioartearekin» Gaddafiren aurkako ekintzak adostuko zituela.
Obamak exijitutako pausoei segitu zien Libiako esku hartzeak: hitzaldia egin eta bi egunera, 1970 ebazpena onartu zuen NBEren Segurtasun Kontseiluak, armen bahimendua ezartzeko, Errusiaren eta Txinaren oniritziarekin. Martxoaren hasieran, ordea, Mendebaldeak Gaddafiren aurkako presioa areagotu zuen, esku hartzeari bidea irekitzeko. 1973 ebazpenak ahalbidetu zuen hori, martxoaren 17an, Errusiaren eta Txinaren abstentzioarekin. Nicolas Sarkozy Frantziako orduko presidenteak eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak hartu zuten erasoaren protagonismoa, baina militarki AEBetako armadak hartu zuen operazioaren pisua. Horregatik, Obamak lehenbailehen utzi nahi izan zuen ekintza militarren gidaritza NATOren esku, bertzeak bertze, Libiakoa ez zedin AEBen bertze gerra bat balitz bezala identifikatu.
Sirian ere estrategia bera erabiltzen ari da Obamaren administrazioa, Al-Assaden aurkako presioa areagotzeko NBE legitimazio iturritzat bilatuz. Libian agudo lortu zuen Errusiaren eta Txinaren harresia beratzea, baina Sirian oraingoz irmo mantendu dira Mosku eta Pekin, eta Segurtasun Kontseilutik Damasko gaitzesteko pasatu diren proposamen guztiei betoa jarri diete.
2. Errusia eta Txina
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin mintzatu zen atzo telefonoz, Al-Assadi «presio gehiago nola ezarri» eztabaidatzeko. Errusiak behin eta berriz eduki du ahotan Libian gertatutakoa, gehienbat azken egunetan. NATOren esku hartzearen aurkako jarrera hartu zuen, eta AEBei, eta oro har, Mendebaldeari egotzi zion NBEko Segurtasun Kontseilua erabiltzea gustuko ez zituen erregimenak aldatzeko. Vladimir Putinek aurten ere salatu du hori presidentetzarako hauteskunde kanpainan idatzitako artikuluan, Errusia mundu aldakor batean.
Mendebaldeak sustatutako Libiako erasoa, ordea, Moskuk eta Pekinek Segurtasun Kontseiluan emandako abstentzioek ahalbidetu zuten. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Jiang Yuk erran zuen herrialde arabiarrek hala eskatuta hartu zutela erabaki hori. Vitali Txurkin Errusiako enbaxadoreak, berriz, motibo «humanitarioak» aipatu zituen. Bonbardaketak hasi eta berehala, ordea, erasoen aurka agertu ziren bi potentziak, eta 1973 ebazpena manipulatzea ere egotzi zioten Mendebaldeari, horren helburua soilik zibilak babestea zen arren, Gaddafi boteretik kentzeko erabili zutelako.
Zaila da pentsatzea Errusia eta Txina AEBen eta haren aliatuen asmoekiko inozokeria hutsean erori zirela. Iazko irailean, Gaddafik jada Tripoli galdua zuenean, Moskuk eta Pekinek NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionala Libiako zilegizko agintetzat onartu zuten. Petrolio gehiena erasoaren sustatzaileek eskuratu zuten —«logikoa eta normala» Eric Besson Frantziako Energia ministro ohiaren arabera—, baina Txinak eta Errusiak ez zuten arazorik izan gerraren aitzinetik zituzten kontratuak berriz negoziatzen hasteko —azpiegituren sektorekoak, gehienbat—.
Siriak Libiak ez dituen inplikazioak ditu, ordea. Barrenera begira, biztanle gehiago ditu, eta banaketa etniko eta erlijioso handiagoa; kanpora begira, Ekialde Hurbileko botere oreka dago jokoan. Errusiak bertako eragiteko aliatu bakanetakoa gal lezake—Mediterranoan duen portu bakarrarekin batera—, eta Mendebaldeak, berriz, jomuga nagusia, Iran, bakartuta utzi.
3. Arabiar Liga
Libiaren eta Siriaren kasuan, Arabiar Ligak bi herrialdeen aurkako neurri serioak hartu ditu. Libian, iazko otsailaren 22an herrialdearen partaidetza behin-behinean bertan behera utzi zuen, Tripolik erakundearen eskakizunak bete ez zituela argudiatuta. Indarkeria «berehala eteteko» eta «Libiako herriaren bidezko eskakizunak onartzeko» exijitu zion Arabiar Ligak. Aurrez, urte hasiera horretan Egipton, Tunisian eta Yemenen ere errebolta odoltsuak izan ziren, baina Arabiar Ligak ez zuen halako jarrera gogorrik agertu herrialde horietako agintariekin. Erakundearen historian bigarren aldia zen halako erabaki bat hartzen zuela —aurrez Egiptorekin, 1978an—. Libia abuztuan onartu zuen berriz ere ligak, Tripolin erregimen berria ezarri zenean. Baina, herrialde arabiarretako matxinaden testuinguruan, aurrekari bat ezarri zuen. Hala, irailean Arabiako Parlamentuak Siria eta Yemen ere behin-behinean erakundetik botatzeko eskatu zion ligari, baina soilik Siria zigortu zuten, Yemenek azaroan trantsizio prozesu bat hasiko zuela iragarri zuelako.
4. Sarraskien berriak
Herrialde baten aurkako esku hartze militarra eta presioa azaltzeko interes estrategikoak, geopolitikoak eta ekonomikoak aipatu eta bilatu ohi dira. Esku hartzeak bultzatzen dituztenek, ordea, arrazoi moralak aipatu ohi dituzte. Gaddafiren aurka eratu zen nazioarteko koalizioak «zibilen hilketak» gelditzeko beharra aipatu zuen, herrialde berberek Sirian egiten duten bezala. Bai Libian, bai Sirian gobernuz kanpoko erakundeek eta NBEren agentziek hedatu dituzte gehienbat sarraskien inguruko berriak. Hainbat iturrik, ordea, gertaera horien inguruan gaizki informatzea egotzi diete, edo zuzenean esku hartzea bultzatzeko asmoz desinformatzea. Thierry Messan kazetariak, adibidez, salatu du NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak Houlako sarraskia ikertzeko batzorde berezi bat osatu duela, Sirian bertan dauden NBEko behatzaileak gertakari bera ikertzen ari diren arren.
Siria, Libiara gerturatzen
Mendebaldean Damaskoren aurka esku hartzeko aukera indartu den arren, Libiarekiko antzekotasunak ukatu dituzteAl-Assaden aurka jotzeko ere NBEren legitimazioa bilatu nahi dute AEBek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu