Siria OICtik kanpo uztea «arazoari ihes egitea» dela salatu du Irango Gobernuak

Indarkeria «lehenbailehen» amaitzeko eskatu diote herrialde islamistek Baxar al-Assadi

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
OIC Lankidetza Islamikorako Erakundeko kideak Mekan bilduta egon dira bi egunez, eta Siria erakunde horretatik kanpo utzi edo ez eztabaidatu ondoren, bart ziren erabakia hartzekoak. Siria kanporatzea herrialdea bakartuta uzteko neurri sinbolikoa litzateke, joan den azaroan Arabiar Ligatik kanpo utzi baitzuten. Kanporatzearen alde dauden herrialdeek NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari berezi Kofi Annanen bake planaren porrotarekin argudiatu dute proposamena. Irango Gobernuak, ordea, Siria OICtik kanpo uztearen aurka egin du, eta bertako Atzerri ministro Ali Akbar Salehik adierazi du Siria kanporatzeak ez duela gatazka konponduko, eta «arazoari ihes egiteko modu bat» dela.

Siriako gatazkak, hain zuzen, areagotu egin du herrialde musulmanen arteko tentsioa. Irango Gobernua Baxar al-Assad presidentearen aliatua da, eta Saudi Arabiak, berriz, erreboltariak babesten ditu. Dena den, batasun irudia eman nahi izan dute, eta Mahmud Ahmadinejad Irango presidentea Saudi Arabiarekin duen urruntasuna baretzeko asmoz joan da Mekara. Horretaz gain, herrialde islamistetako buruek Siriako Gobernuaren jarrera kritikatu dute, eta Al-Assadi erregutu diote indarkeriazko ekintza guztiak lehenbailehen buka ditzala.

Ikerketa bateratua

Pakistango eta Afganistango presidenteek OICren batzarra aprobetxatu dute, eta bi herrialdeen mugako istiluei elkarlanean aurre egiteko akordioa lortu dute. Hamid Karzai Afganistango presidenteak adierazi du bi herrialdeetako soldaduek osatutako ordezkaritza militar bat ezarriko dutela mugan istilu horiek ikertzeko. Mugako bonbardaketak eta talde armatuek Afganistango eremuan egiten dituzten sartu-irtenak kontolatzea da helburua. Orain arte herrialdeek batak besteari leporatzen zion mugako indarkeriaren errua, eta behatzaileek adierazi dute ikerketa bateratuak bien arteko harremanak normalizatuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.