Protestak herrialde arabiarretan

Siria zigortzeko NBEri presio egingo dio Bruselak

EBk petrolioa inportatzeko jarritako debekua indarrean da, eta zigor ekonomiko gehiago jarriko ditu

2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Bashar al Assaden erregimenaren aurkako zigorrak gogortu egingo dituela agindu du EB Europako Batasunak. Petrolioa inportatzea debekatzeaz gain, erregimena ekonomikoki itotzeko neurri gehiago hartuko ditu Europak, Catherine Ashton EBko Atzerri Politikarako goi ordezkariaren hitzetan. Horrez gain, zigor ebazpen bat kaleratu dezan presio egingo dio NBE Nazio Batuen Erakundeari.

EBren ustez, beharrezkoa da NBEko Segurtasun Kontseiluak Siriako gatazkari buruz jarrera sendoa azaltzea, «ez soilik erregimena bakartzeko, baizik eta erasoei aurre egiteko babesik gabe dauden herritarrei sostengua emateko prest dagoela erakusteko». Segurtasun Kontseiluak uztailean kaleratu zuen errepresioa gaitzesten zuen testu bateratua, baina, barne desadostasunak zirela medio, ez zuten zigor ebazpen bat kaleratzerik lortu; Segurtasun Kontseiluko estatu kide batzuk ez daude Siriako erregimena zigortzearen alde.

NBEk ez bezala, EBk hainbat zigor ezarri dizkie Al Assad eta harekin lotutako enpresei, ekonomikoak gehienak —besteak beste, nazioartean dituzten ondasunak blokeatu dizkiete—. Ostiralean, berriz, petrolioa esportatzeko debekua ezarri zien EBk. Atzo jarri zuten debekua indarrean, eta beste lau lagun eta hiru erakunde gehitu dizkiote zigorra jasoko dutenen zerrendari; erregimenari laguntza ekonomikoa ematea leporatzen diete.

Errusiak ez du begi onez ikusi EBren zigorra. «Alde bakarreko zigorrek ez dute ezer konpontzen», adierazi du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak. Gatazka hasi zenetik, Siriako erregimenari zigorrak ezartzearen aurka agertu da Errusia, Txinaren antzera. Ashtonek garrantzia kendu dio Errusiaren desadostasunari.

Gutxienez bi hildako

Al Assaden indarrek gutxienez bi lagun hil zituzten atzo tiroz Idlib probintzian, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera. Lekukoen esanetan, Adnan Bakur fiskal ohia aurkitzeko sarekada egin zuten atzo militarrek inguru horretan. Bakurrek asteazkenean aurkeztu zuen dimisioa, errepresioaren aurkako protesta gisa; manifestarien aurkako atxiloketak, hilketak eta torturak salatu zituen telebista bidez hedatutako bideo grabazio batean.

Ostiralean, berriz, gutxienez 21 lagun hil zituzten erregimenaren aurkako protestetan, Himsen eta Dair az Zaurren, besteak beste. Martxoan protestak hasiz geroztik, 2.000 zibil eta 470 soldadu baino gehiago hil dituzte, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.