Siriak ez du armada aterako «arrisku guneetatik»

Joan den astean Annanen plana onartuta ere, zenbait baldintza jarri ditu Al-Assaden gobernuak

Erredakzioa
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Siriako Sana prentsa agentzia ofizialean atzo jasotako elkarrizketa batean, Siriako Atzerri Arazoetako Ministerioko bozeramaile Yihad Maqdesik jakinarazi du Siriako erregimenak armada ez duela aterako «arrisku guneetatik». Maqdesik azaldutakoaren arabera, agintariek ez dituzte tropak kenduko hirietatik «bakea eta seguritatea ezarriarte».

Siriako Gobernuak aurreko astean onartu zuen Kofi Annan NBE eta Arabiar Ligaren Siriako mandatari bereziaren plana. Hor jasotzen diren puntuetako bat da alde guztiek indarkeria mota oro alde batera uztea eta armada erretiratzea. Elkarrizketan, Maqdesik berretsi egin du Siriako mandatariek Annanekin kolaboratzeko asmoa dutela. Hala ere, hainbat baldintza jarri ditu horretarako: batetik, beren subiranotasuna eta kanpoko esku hartzerik ez dela izango bermatzea eta, bestetik, plana era «logiko eta simetrikoan» ezartzea; baldintza hori erreboltariak gogoan dutela ezarri dute.

Bozeramailearen arabera, NBEko negoziatzaile teknikoen talde bat helduko da «laster» Siriara plana nola ezarri eztabaidatzeko. Horren harira, NBEko Bakerako Operazioen Departamentuakbehatzaile talde bat bidaltzeko plana antolatzen ari dela baieztatu zuen erakundeko bozeramaile batek herenegun.

Bestalde, Hillary Clinton AEBtako Estatu idazkariak, plana ezartzeko egutegi bat finkatzea eskatu dio Annani, eta gaurko batzarrean Damaskoko gobernuarentzako zigorrak eskatuko dituela jakinarazi du, CCG Golkorako Lankidetzarako Kontseiluko herrialdeekin izandako batzarraren ostean.

NBEren datuen arabera, orain dela urtebete ingurutik, protestak hasi zirenetik, Sirian bederatzi mila pertsona baino gehiago hil dituzte, 200 mila pertsona baino gehiagok herrialde barnean lekuz aldatu behar izan dute eta 30 mila baino gehiago erbesteratu dira.

Siriaren Lagunen batzarra

Gaur bilduko dira Istanbulen Siriaren Lagunak taldekoak. 70 estatu inguruk osatzen dute, eta «irtenbidea bultzatzea» da haien asmoa. Egingo duten bigarren bilera da, otsailaren 24an Tunisian batzartu ziren, lehenengoz. Ordukoa porrota izan zen, eta oraingoak ez du itxura onik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.