Eraso baten arriskua gain-gainean dutela joan da Walid al-Moallem Siriako Atzerri ministroa Moskura, Sergei Lavrov Errusiakoarekin elkartzeko, eta ezusteko adierazpenak egin dituzte biek. Lavrovek Siriari proposatu dio arma kimikoak "nazioartearen kontrolpean" uztea, eta Al-Moallemek erantzun du "harrera ona" egin diotela eskariari, Errusiako berri agentzien arabera. Siriako Gobernua "bere herritarren bizitzarekin eta segurtasunarekin arduratuta" dagoela erran du Al-Moallemek.
Bi buruzagien adierazpenak John Kerry AEBetako Estatu idazkariak egindakoen ondoren etorri dira. Kerryk ultimatum bat eman dio Siriako Gobernuari: astea bukatu baino lehen arma kimikoak "nazioartearen esku" utziz gero, AEBek ez diote erasoko Siriari. "Baina Al-Assadek ez du eginen", erran du, hala ere, Estatu idazkariak.
Lavrovek ongi hartu du Kerryk errandakoa, baina zehaztu du ez dakitela AEBetako Estatu idazkariaren proposamena formala den. "Ez dakigu Siriak onartuko duen, baina berehala hasiko gara Damaskorekin lanean proposamena onartu eta nazioartearekin elkarlanean jardun dezan".
AEBetako Kongresua gaur itzuli da lanera, eta datozen egunetan erabaki lezake Barack Obama presidentearen erasorako asmoa babestuko duen ala ez. Joan den abuztuaren 21ean ustez eraso kimiko bat gertatu zen Damasko ondoan, eta AEBek diote Siriako Gobernuak egin zuela. Damaskok behin eta berriz ukatu du, ordea, eta matxinoei egotzi die erantzukizuna.