Siriako Gobernuak bihartik aurrera jarduera militarra geratzea erabaki du, Defentsa Ministerioak Sana berri agentzia ofizialari esan dionez. Hain justu, Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren bitartekariaren planaren arabera, indarkeria mota guztiek bihar goizeko seietarako etenda egon behar dute alde guztietan. Planak dio hurrengo pausoan alderdi guztiek bildu behar dutela gatazkari aterabide politikoa aurkitzeko.
Dena dela, gobernuak esan du talde armatuen erasoei aurre egiteko prest egongo dela. Exekutiboak uste du "talde terroristen" aurkako borrokan orain arte "arrakasta" lortu duela, eta herrialde osoan erdietsi duela "autoritatea" ezartzea. Hori guztia aintzat hartu dute operazio militarrak gelditzea, Defentsa Ministerioaren arabera.
Annanen bozeramaile Ahmad Fawzik ere adierazi du Siriak indarkeria etengo duela bihartik aitzina. Fawziren esanetan, besteak beste hirietatik tropak aterako ditu.
Annan Teheranen izan da, Irango Gobernuarekin Siriako egoeraz hitz egiteko. Bileraren ostean, Ali Akbar Salehi Irango Atzerri ministroak esan du Siriako egoera "hobetzea" espero duela, eta "gatazkari irtenbidea emango dioten aldeen artean" egoteko itxaropena agertu du.
Siriak erabaki hori jakinarazi aurretik, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak adierazi du Siriako Gobernuarekiko presioa areagotzea erabakitzeko "benetako momentuaren aurrean" egon daitekeela. "Indarkeriaren amaiera da lehen eta funtsezko pausoa. Ezin du atzeratua izan baldintza berriekin", esan du Susan Rice kontseiluko presidenteak.
Gobernuak tropak ateratzen hasi zela iragarri bazuen ere, oposizioak hori gezurtatu egin zuen atzo.
Siriak salatu du segurtasun indarretako 33 kide hil dituztela gaur. Herrialdeko gatazkan iazko martxotik bederatzi mila lagun zendu dira.