Siriako oposizioak salatu ondoren gobernuak Hama eskualdeko Al-Qubeir hirian "sarraskia" egin zuela, Siriako Gobernuak "krimentzat" jo du gaur hiri horretan gertatutakoa. Dozenaka lagun hil dira azken orduetan; Tokiko Koordinazio Batzordeen arabera, 78 lagun. Gobernuak "talde armatu bati" egotzi dizkio erasoak.
"Segurtasun indar bereziak Al-Qubeirren laguntza eskatu duten herritarrak laguntzen ari dira, eta sarekada burutzen ari dira terroristen aurka. Horietako zenbaiti aurre egin diete eta armak eta granada-jaurtigailuak konfiskatu dituzte", esan du gobernuak, telebistaren bidez.
Damaskok salatu du hilketa horiek "konspirazio" baten parte direla, nazioarteko hainbat agintari Siriaz hitz egiteko Istanbulen bildu direla aitzaki hartuta. Bilera horren harira, Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri ministroak gaur esan du Kofi Annan Siriarako mandatari bereziaren planak "onena" izaten jarraitzen duela, baina planak babes gehiago behar duela ohartarazi du. "Zorrotzagoak izan behar dugu".
NBE Nazio Batuen Erakundeko behatzaileen misioa Al-Qubeirren izan da, eta Efe berri agentziaren arabera, haien autoetako baten aurka tiro egin dute.
Oposizioa, gobernuaren erasoak salatzen
Oposizioaren arabera, berriz, lehenik armadak hiria bonbardatu zuen, eta ondoren Xabihek —gobernuaren paramilitarrek— eraso egin zuten.
Siriako Iraultzaileen frontea sortu dute oposizioko zenbait ekintzailek, eta herritarrei Baxar al-Assad presidentearen aurka borroka egiteko deia egin diete. Siriako Armada Askea ez bezala, zibilek osatzen dutela jakinarazi dute.
Lehena armadako desertoreek osatzen dute batik bat. Turkian sortu dute talde berria. Bestalde, oposizioak salatu du armadak Latakian gutxienez 11 lagun hil zituela atzo. Libanoko mugan, berriz, Siriako soldaduek libanoar bat hil eta beste hiru zauritu zituztela diote.
NBEren arabera, iazko martxoan iraultza hasi zenetik 10.000 lagun hil dira, 230.000 lagunek etxea utzi behar izan dute eta 60.000 lagunek atzerrira ihes egin dute.
Errusiako Gobernuak "zigor gogorra" eskatu du sarraskiaren erantzule eta egileentzat.