NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Udaberri Arabiarra eta, bereziki, Siriako egoera aztertzeko bilkura egin duen egun berean, Damaskok Errusiaren eta Arabiar Ligaren konponbiderako planaren bost puntuak onartzen dituela jakinarazi du Siriak Moskun duen enbaxadore Riad Haddadek.
Une erabakigarrian dago Siriako gatazka, bereziki Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren ordezkari berezia asteburuan Baxar al-Assadekin bi aldiz bildu ostean. Siriako presidenteari indarkeria eta hilketak amaitzeko «urrats zehatzak» eskatu zizkion Annanek, eta, krisi humanitarioari irtenbidea emateaz gain, Siriako herritarren eskaerei erantzuteko prozesu baketsu eta bazterketarik gabekoa hasteko ere eskatu zion. Bileratik «itxaropentsu» atera zen Annan, nahiz eta su-eten bat «zail» ikusten duen.
Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak Al-Assad estutu egin zuen atzo, eta Annanen proposamenari «azkar» erantzuteko eskatu zion. Siriako Gobernuak bere herria defenditzeko orduan «huts» egin duela eta «gehiegizko indarkeria» erabili duela salatu zuen Banek. Al-Assaden erregimenari «giza eskubideak sistematikoki urratzea» egotzi zion; «gizateriaren kontrako krimenak» egitea, finean. Hori dela eta, NBEren Segurtasun Kontseiluari «ahots bakarrez» hitz egiteko eskatu zion erakundeko idazkari nagusiak. Izan ere, Errusiak eta Txinak betatu egin dituzte Siriaren aurka proposatu izan diren ebazpen proposamenak.
«Aurretiazko baldintzarik ez»
Nazioartea Al-Assaden erregimena are gehiago estutzen ari delarik, Damaskok Errusiaren eta Arabiar Ligaren konponbiderako proposamena onartzen duela jakinarazi du Siriak Moskun duen enbaxadore Riad Haddadek, RIA-Novosti Errusiako berri agentziaren arabera.
Larunbatean Kairon bost puntuko plan bat zehaztu zuten Errusiak eta Arabiar Ligak, NBEren Segurtasun Kontseilura eramateko. Indarkeria ekintzen amaiera aurreikusten du, «edonondik datozela ere»; su-etena bermatu eta jarraipena egingo dion mekanismo neutral bat ezartzea; atzerriko esku hartzea baztertzea; Annani Siriako agintariekin elkarrizketa bideak erraztea; eta giza laguntza helarazteko saioak sostengatzea.
Siriak «bost puntuak» onartzen dituela eta «aurretiazko baldintzarik gabe» konponbiderako elkarrizketak hasteko prest daudela esan zuen atzo Haddadek. Baina garbi utzi zuen Al-Assaden dimisioa —oposizioko talde batzuek berariaz eskatzen dutena— aurretiazko baldintza bat litzatekeela eta halakorik ez dutela onartuko.
Txinak babestu egin du plan hori, eta nazioarteko bitartekarien ahaleginarekin bat egiteko eskatu zien atzo Siriako Gobernuari eta oposizioari. Ebazpenak gatazka «bide politikoen bidez konpontzeko nahia» erakusten duela nabarmendu zuen Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Lui Weiminek.
Iranek, berriz, Siriako Gobernua eta nazioa «erabat» babesten dituela argitu zuen atzo, bezperan Turkiako Atzerri ministro Ahmed Davutogluk Errusiaren eta Iranen babesa «gutxitu» egin dela adierazi baitzuen. Irango Atzerri ministrorde Husein Amir Abdolahianek «Siriaren egonkortasuna eta segurtasuna auzitan jartzen duten herrialdeak» egin zituen egoera okertzearen erantzule, eta «oposizioa armatzeari uzteko» eskatu zien.
Guztiz kontrako bidetik jo zuen atzo SNC Siriako Kontseilu Nazionalak, eta Al-Assaden erregimenak Homsen egin bide duen «sarraskia» aitzakia hartuta, lehenbailehen NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilera egiteko eskatu zuen, «nazioarteak Sirian esku har dezan, baita militarki ere».
Haur eta emakume gorpuak
Homs hiriko auzo batean 45 haur eta emakumeren gorpuak aurkitu dituztela zabaldu zuen atzo Siriako oposizioak. Herri Koordinazioko Batzordeen arabera, Karm el-Zaitun auzunean Al-Assaden indarrek hil zituzten guztiak, eta soldaduei dei egin zieten Siriako herriari elkartasuna adierazi eta Siriako Armada Askearekin bat egiteko. Sirian, guztira, 108 hil zenbatu zituen atzo oposizioak.
Siriako Kontseilu Nazionaleko kide Mulhim al-Drubik, berriz, nabarmendu zuen herritarrek pazientzia galdu dutela jada eta «berehalako esku hartze militarra» nahi dutela. NBEri eta Arabiar Ligari eskatu zien «genozidioa amaitzeko hartu beharreko neurriak» hartzeko.
Sana berri agentzia ofizialak, aldiz, «talde terroristei» egotzi die Homseko herritarrak bahitu, hil eta gorpuak erakustea: «Ohituta gaude Segurtasun Kontseiluaren bilera dagoen bakoitzean halakoak ikustera». Siriako Armada Askeak, bestalde, Damasko ondoko Rankus herrian igandean erregimeneko 250 kide hil zituela jakinarazi du, tartean poliziak eta zerbitzu sekretuetako agenteak.
Siriak onartu du Arabiar Ligaren eta Errusiaren konponbide plana
Damasko prest dago indarkeria amaitu eta baldintzarik gabeko elkarrizketak hasteko, Siriak Moskun duen enbaxadorearen araberaHomsen 45 haur eta emakume hiltzea egotzi die oposizioak Al-Assaden indarrei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu