Siriak oniritzia eman die Kofi Annani eta NBEren giza eskubideen ordezkariari

Gurutze Gorria hasi da Homs hirian laguntza banatzen, baina ez du lortu oraindik Bab Amr auzoan sartzea

Erredakzioa
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren ordezkari bereziak eta Valerie Amos NBEren Giza Eskubideen idazkariordeak Siriara bisita egitea onartu du Damaskok. Siriako Informazio Ministerioko iturriak aipatuta, Sana berri agentziak baieztatu du Baxar al-Assaden erregimenak oniritzia eman diela bi ordezkariei.

Annan iragan otsailaren 23an izendatu zuten NBEk eta Arabiar Ligak Siriarako ordezkari berezi, eta alde guztiekin ados jartzea eta gatazkari konponbide baketsua ematea izango da NBEko idazkari nagusi izandakoaren zeregina. Bihar bertan Kairora joango da, eta, Arabiar Ligaren arabera, larunbatean hartuko dute Siriako agintariek. Damaskon bulego bat izango du Annanen lantaldeak. Atzo izendatu zuten, hain zuzen, Naser al-Qudua Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri ministro ohia Annanen laguntzaile Siriako misiorako.

Amos, berriz, gaur bertan da Damaskora iristekoa, eta Siriako Atzerri ministro Walid al-Muallemekin bilduko da hurrengo egunetan. Aurreko astean jakinarazi zuen NBEren Giza Eskubideen idazkariordeak Damaskok atzera bota zuela bere bisita eskaera, hainbat egunez Sirian noiz sartuko zain egon ondoren.

Borrokak eteteko eskaerak

Al-Assaden erregimenari eta oposizio armatuari, gatazkan diren bi aldeei, indarkeria albo batera uzteko eskatu zien atzo Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek. «Ados gaude Siriako Gobernuari, irmotasunez, ekintza militarrak amai ditzala eskatzearekin, baina, era berean, uste dugu beste aldearen borroka ekintzak ere amaitu behar direla». Errusiaren iturrien arabera, Siriako oposizioa atzerritik armatzen ari dela eta Siriatik kanpoko ekintzaileak hartzen ari dela esan zuen Lavrovek. Datorren larunbatean Arabiar Ligako Atzerri ministroekin biltzekoa da Lavrov, Kairon.

Txinak ere indarkeria ekintzak amaitzeko eskatu die bi aldeei, eta Li Huaxin Siriako enbaxadore ohia gaur iritsiko da Damaskora, Al-Assaden gobernuko kideei eta oposizioko taldeen ordezkariei Pekinen konponbiderako proposamena azaltzeko. Txinak alde guztien arteko elkarrizketak hastea nahi du, Annan bitartekari dela.

Errusiak eta Txinak atzera botarazi izan dituzte NBEren Segurtasun Kontseiluan Siriari buruzko ebazpenak, ez zutelako argiro baztertzen atzerriko esku hartzea.

Segurtasun arrazoiak argudiatuta, Kanadak itxi egin du Damaskon duen enbaxada. Glenn V. Davidson enbaxadoreak eta ordezkaritza diplomatikoko langile guztiek dagoeneko Siria utzi dute. Aurrez, Erresuma Batuak, AEBek eta Frantziak ere itxi zituzten Siriako enbaxadak.

Gurutze Gorria, Homsen

Nazioarteko Gurutze Gorriak eta Siriako Ilargi Erdi Gorriak Homs hirian sartzea lortu zuten atzo, eta Al-Inxaat eta Al-Tawzii auzuneetan, janaria, botikak eta hotzari aurre egiteko estalkiak banatzen hasi da. Tartean, Bab Amr auzotik alde egindako siriarrei ere eman ahal izan die laguntza.

Bab Amr auzoak jasan du azken hilabetean borrokaldi gehien, eta iragan astean lortu zuten Al-Assaden erregimeneko indarrek hango kontrola. Gurutze Gorriak, ordea, oraindik ez du lortu Bab Amr auzoan sartzea. Oposizioko iturriek salatu dute Siriako agintariek galarazi egin dietela sartzea, baina Nazioarteko Gurutze Gorriaren Siriako eledun Saleh Dabakehek atzo esan zuen Bab Amren minak dauden susmoa daukatela eta boluntarioen bizitza arriskuan ez jartzeagatik ez direla sartu. Siriako Gobernua, berriz, atzo hasi zen Bab Amren «talde terroristek» kalte egindako azpiegiturak berreraikitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.