Baxar al-Assaden gobernuaren aldeko telebista kate batek atzo jakinarazi zuen Turkiako hegazkin militar bat bota zuela Siriako armadak, Siriako bertako aire eremua urratu zuelako. Damaskotik ailegatutako berri horrek zalaparta eta nahasmena eragin du nazioartean. Turkiak ez du baieztatu berria, nahiz eta onartu duen hegazkina Siriako uretan erori dela. «Ezin dut esan hegazkina bota egin dutenik», adierazi du Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak.
Erdoganek segurtasunaren ezohiko bilera bat iragarri du. Atzerriko ministroa, Barne ministroa, Defentsa ministroa, zerbitzu sekretuen burua eta armadako burua deitu ditu. Hegazkina Siriako uretan galdu bada ere, bizilagunaren aire eremua urratu duela ukatu du Ankarak. Oraindik zer gertatu den argitzeko badago ere, adituek ohartarazi dute azken hilabeteetan etsaituta daudela bi herrialde horiek eta, orain, bien arteko harremana are gehiago gaiztotu daitekeela. Erdoganek, baina, lasaitasun mezua igorri du, eta Siriarekin batera erreskate lanak hasi dituztela adierazi. Bestalde, Damaskok Ankarari barkamena eskatu diola zabaldu dute hedabide batzuek, Erdoganek halakorik baieztatu ez badu ere.
Horrez gain, Siriako gatazka jasangaitza bilakatzear dagoela ohartarazi du Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari berezi Kofi Annanek, eta nazioarteari gatazka «lehia suntsikor» ez bilakatzeko eskaera egin dio. Izan ere, nazioarteak gatazkan duen garrantzia gero eta nabarmenagoa da. Inteligentzia iturriak aipatuta, TheNew York Times egunkariak jakinarazi du CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentrala Turkiatik matxinoei armak helarazten ari dela.
«Konfrontazio armatuek gogortzen jarraitzen badute, [...] mundu osoak ikusi ahal izango du egoera ez dela iraunkorra, ez dela kontrolagarria eta alde guztien kontrola gainditu duela», esan du Annanek. Egoera hori oraindik ailegatu ez dela gaineratu badu ere, «gertu» dagoela ohartarazi du.
Bestalde, Siriako Gobernuak esan du prest dagoela tropak hirietatik erretiratzeko armatutako oposizioak gauza bera egiten badu.
Siriak Turkiako hegazkin bat bota du, bere aire eremua bortxatu duelako
Ankarak ez du baieztatu Damaskok hegazkina bota duenik; Annanek esan du gatazka aurki jasangaitza izango dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu