Siriaren eta Turkiaren arteko liskarrek Damaskorekiko nazioarteko presioa handitzea eta tentsio militarra areagotzea ekar dezakete datozen egunetan. Joan den barikuan ustez Siriako aire eremuan sartu zen Turkiaren armadako F-4 hegazkin bat bota zuten Baxar al-Assaden indarrek —barruan bi pilotu zihoazen—, eta gertakariak tentsioa erantsi dio lehendik ere gaiztotuta dagoenharremanari. Hegazkina nazioarteko aire eremuan zegoela dio Turkiak, eta erasoa «justifikaezina» izan dela; Damaskok, berriz, bere aire eremua urratzea leporatu dio. Ankarak NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura eta NATOra eraman du auzia, eta aliantzak gaur bertan aztertuko du.
Washingtongo Ituneko 4. artikulua baliatu du Turkiak NATOren bilerara deitzeko. Artikulu horren arabera, aliantzako kide bakoitzak bilera antolatzeko eskubidea du «lurraldearen batasuna, independentzia politikoa edo segurtasuna mehatxupean» ikusten badu. Azkeneko aldiz 2003an ezarri zuten 4. artikulua, eta orduan ere Turkia izan zen deitzailea, «Iraken gerra piztuz gero, aliantzak herrialdea defendatzeko». NATOk gerrako hegazkinak eta misilen kontrako defentsak bidali zituen Turkiara 2003ko otsailetik apirilera artean.
Gaurko bileran, beraz, Ankarak babesa behar duen ala ez aztertuko dute aliantzako 28 kideek. Bestalde, EB Europako Batasunak Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren erantzunaren neurritasuna txalotu du, baina gertakariak «tentsio militarra» handitu dezakeela ohartarazi du. Izan ere, Turkiak, oraingoz, ez du 5. artikulura deitu. Horren arabera, kide batek jasandako erasoak kide guztien kontrako erasotzat hartzen dira, eta «indar armatuak erabiltzeko eskubidea» izan dezakete «NATOren eremuan segurtasuna ezartzeko».
Inorekin gerrarik ez dutela nahi esan arren, Siriaren kontrako aukera guztiak mahai gainean daudela nabarmendu du Bulent Arinç-ek, Turkiako lehen ministrordeak. Eta azaldu du erasoaren ostean erreskatera bidalitako beste hegazkin bati ere eraso egin ziola Damaskok, botatzea lortu ez bazuen ere.
Turkiara ihesean
EBk atzo Luxenburgon egindako bileran ere Siriaren eta Turkiaren arteko liskarrak nagusitu ziren. Erasoa «onartezina» izan dela nabarmendu dute 27 herrialdeek, eta gaitzetsi egin dute. Bestalde, Al-Assaden erregimenaren kontrako hamaseigarren zigor erronda onartu du Bruselak, Damaskoren hurbileko agintari baten eta sei erakunderen kontra. Dagoeneko Siriako 49 erakunde eta 129 pertsona jarri ditu EBk zigorren zerrenda beltzean.
Aldi berean, Kofi Annanen bake planari babesa berretsi dute 27ek: bide diplomatiko guztiak erabiltzeko eta presioa handitzeko eskatu diote nazioarteari, eta nabarmendu dute esku hartze militarraren aukera ez dagoela mahaiaren gainean.
Bestetik, Siriako 33 soldaduk Turkiara ihes egin dutela jakinarazi du Anadolu Turkiako informazio agentziak. Guztira, 224 siriar iritsi ziren domeka gauean Turkiara, eta soldaduen artean jeneral bat eta bi koronel daudela azaldu du agentziak. Apaydingo errefuxiatuen kanpalekura eraman dituzte denak, eta Ankarak gogorarazi du dagoeneko Siriako armadako hamahiru jeneral daudela Turkiaren babespean. Iazko martxotik, Al-Assaden kontrako matxinada hasi zenetik, 33.000 lagunek egin dute ihes Turkiara. Azken egunetan, gainera, herrialdetik ihes egin duten armadako kideen kasuak ugaritu egin dira: joan den astean Jordaniako aerodromo batean lurreratu zen Siriako gerra hegazkin bat, eta pilotuak babes politikoa eskatu zuen.
Sirian, bitartean, indarkeriak ez du etenik. Jakob Kellenberger Gurutze Gorriko buruak esan du ez direla Homs hirira sartuko gobernuarekin eta oposizioarekin itun argi bat ez dagoen bitartean. Laguntza humanitarioa emango dutenen segurtasuna bermatu nahi du Kellenbergerrek. Oposizioarekin biltzea zaila dela aitortu du, «talde ugari daudelako, eta horrek elkarrizketa zailtzen duelako». Gainera, azaldu du Damaskok ez bezala, oposizioak ez diela baimenik eman euren kartzelak bisitatzeko. Leku horietan giza eskubideak urratzen dituztela uste du NBEk.
Siriak Turkiako hegazkin bati egindako erasoa aztertuko du gaur NATOk
Europako Batasunak zigorrak ezarri dizkie Baxar al-Assaden hurbileko agintari bati eta sei konpainiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu