Protestak herrialde arabiarretan

Siriako 300 matxino inguru Damaskon bildu dira, jarrerak bateratzeko

Armadak sarekadak egin ditu herrialdearen erdialdean eta ekialdean, erreboltariek esan dutenez

Erredakzioa
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Siriako oposizioko 300 kide inguru bildu ziren atzo Damaskotik gertu, beren arteko lankidetza sendotu eta jarrerak bateratzeko, Muntaha al Atratx Sausaija elkarteko bozeramaileak jakinarazi duenez. Koordinazio Nazionalerako Erakundea sortzen ari dira matxinoak, eta atzoko bileran, hura zuzenduko duen 25 kideko kontseilua hautatu zuten.

Siriako probintzia gehienetako ordezkariak izan dira bileran, fakzio bakoitzekoak. Izan ere, Bashar al Assaden erregimenaren kontrako oposizioan fakzio ugari daude: Anai Musulmanak, talde laikoak, kurduak, baita alauista disidenteak ere. Herrialdeko gutxiengo erlijiosoa osatzen dute alauistek; Al Assad bera, esaterako, alauista da. Oposizioa bildu eta erregimenaren kontrako borroka antolatzeko lehen pausoa joan den ostegunean egin zuten Siriako matxinoek, Istanbulen. Siriako Kontseilu Nazionala eratuko duten 140 kideak hautatu zituzten. Al Assaden gobernua boteretik kanporatzea eta behin-behineko gobernua eratzea da erakunde horren helburua.

Bitartean, gogor jarraitzen du erregimenaren errepresioak. Atzo manifestari saldo bat atxilotu zuen Siriako armadak herrialdearen erdialdean eta ekialdean, matxinoek esan dutenez. Martxotik, protestak hasi zirenetik, gutxienez 2.600 zibil hil ditu armadak, NBEren arabera.

Libanok, kondenari ezetz

Bestalde, Libanoko Atzerri ministroak jakinarazi du ez duela babestuko NBEko Segurtasun Kontseiluan Siria gaitzesteko inolako ebazpenik. «Errusiak ere ez du ebazpenik onartuko Mendebaldeak nahi duen bezala», gaineratu du.

Segurtasun Kontseiluko EB Europako Batasuneko kideek eta AEBek Al Asaden aurkako zigorrak biltzen zituen ebazpen bat aurkeztu zuten abuztuan. Errusiak eta Txinak ezezkoa eman zioten, ordea, horri, eta Moskuk zigorrik biltzen ez zuen ebazpen bat aurkeztu zuen gerora.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.