Zhai Jun Txinako Atzerri ministrordeak Siriara egindako bisita Pekinek Baxar Al-Assaden erregimenari babesa adierazteko beste modu bat izan da. Baina babesak ez dirudi baldintzarik gabekoa, oposizioko indarrei eta «terroristei» ez ezik, Siriako presidenteari berari ere indarkeria alde batera uzteko eskatu baitio Txinako Gobernuaren bidali bereziak. Ezinbestekoa deritzo bederatzi egun barru konstituzio berriaren erreferenduma giro baketsuan egiteari.
Hilaren 26an Siriako konstituzio berriaren inguruan egingo duten herri galdeketa eta haren osteko hauteskundeak erabat babestu zituen Zahik, herrialdeko krisia gainditzeko balioko dutelako. Sistema politikoa erreformatzen jarraitzeko intentzio irmoa duela ziurtatu zuen, berriz, Al- Assadek, bileraren ostean egindako adierazpenetan.
Siriako gatazkan bitartekari gisa jarduteko asmoarekin, Txinako Gobernuaren bidali bereziak Al-Assaden erregimenaren ordezkariekin hainbat bilera egingo ditu herrialde arabiarrean izango den bi egunetan. Aurreko egunetan erregimenaren barneko oposizioko kideekin ere harremanak izan dituela baieztatu zuen Pekinek.
Siriako gatazkan kanpoko esku hartzerik onartuko ez dutela argudiatuta, hilaren 4an, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan Al-Assaden erregimenaren kontrako ebazpenari betoa ezarri zioten Txinak eta Errusiak. Iragan ostegunean ere Pekinek eta Moskuk gaitzespenaren kontra bozkatu zuten NBEko Batzar Nagusian, baina beto aukerarik ez zutelako, ebazpenak aurrera egin zuen, 137 herrialderen aldeko botoekin.
Onartutako dokumentuarekin, Al-Assadi Arabiar Ligaren eskaera onartzeko eta boterea presidenteordearen esku lagatzeko eskatu zion NBEko Batzar Nagusiak. Baita batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko ere. Ebazpena, baina, sinbolikoa da, eta ez du ondorio eragilerik.
Zahik Siriara egindako bisitaren kontra azaldu da oposizioa, haren ustetan Txinak arabiarren ekimena babestu behar lukeelako eta ez Al-Assaden erregimena. Ahmed Ramadan Siriako Kontseilu Nazionalak atzerrian duen ordezkariaren esanetan, «Txinako Gobernuak Siriako herriaren interesak sakrifikatu ditu erregimena babestua». Herrialdeko egoera hobetzen laguntzeko eskatu dio Txinako Gobernuari, zibilak babesteko korridoreak sustatuta.
Hizman Rahman Zibilen Babeserako Siriako Batzordeko koordinatzaileak, berriz, laguntza humanitarioa eta armak eskatu zituen atzo Kairon egindako agerraldi batean, «Siriako iraultzaren garairik baketsuena bukatu delako».
Gutxienez 29 hildako
Ez zaio arrazoirik falta, atzo ere gutxienez 29 lagun hil baitziren hainbat eraso eta borrokalditan. Rima Flihan Koordinazio Lokaleko Batzordeetako bozeramaileak jakinarazi zuen gutxienez hamabost lagun hil zirela herrialdearen iparraldera dagoen Idleb probintziako Kafar Nabodeh herrian. Hildakoetako zazpi soldadu iheslariak zirela ere argitu zuen, eta erregimenaren mendeko tropak izan zirela haien kontra eraso egin zutenak.
Erregimenaren kontrako Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera, berriz, Siriako segurtasun indarrek gutxienez lagun bat hil zuten Damaskon, segurtasun indarrek herenegun Mezze auzoan hildako manifestariei azken agurra ematen zirenei eraso egin ostean. «Al-Assaden indarrek hiletetan parte hartzen ari ziren dozenaka mila laguni tiro egin diete, eta negar gasak bota dizkiete, sakabanatzeko», zehaztu zuen Mohamad Shami oposizioko militanteen ordezkarietako batek. Atzoko protestak aspaldiko jendetsuenak izan zirela esan zuen Flihanek, «iragan martxoan errebolta hasi zenetik izan diren jendetsuenak», hain zuzen.
Ez dira izan azken bi egunotako hildako bakarrak. Atzo, beste bi lagun ere hil ziren: bata, herrialdearen erdialdeko Hama hirian; bestea, hegoaldera dagoen Daraa hirian. Handik gertu, Hamer herrian, segurtasun indarrek hainbat etxebizitza txikitu eta hamarren bat lagun atxilotu zituzten. Herrialdearen erdialdean dagoen Homs hiriko Karm al-Zaitun auzoan —parte zaharrean—, berriz, eztanda indartsuak entzun zirela kontatu zuen Flihanek. Gutxienez bost lagun hil ziren.
NBEk emandako datuen arabera, iragan martxotik 5.000 lagun inguru hil dira Sirian. Oposizioak, aldiz, 8.500etik gora izan direla dio. Erregimenak «talde terroristei» egozten die erantzukizuna.
Gidaririk gabeko AEBetako inteligentzia zerbitzuetako hegazkinek —dronek— eta hegazkin militarrek Siria zaintzen jarraitzen dutela jakinarazi du NBC telebista kateak.
Siriako alde guztiei indarkeria uzteko eskatu die Txinak
Siriako presidenteari, oposizioko indarrei eta «terroristei» egin die eskaera, hilaren 26ko galdeketa bakean egin ahal izatekoGutxienez lagun bat hil da Damaskon, aspaldiko protestaldi jendetsuenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu