Siriako Armada Askeak amaitutzat jo du bake plana

«Herritarrak babesteko», gobernuaren indarren aurkako erasoak egingo dituztela diote; 80 soldadu hil dituzte asteburuanDamaskok salatu du Arabiar Liga esku hartze militarra lortu nahian dabilela

2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Asteburu honetan Siriako matxinoek gutxienez 80 soldadu hil dituztela jakinarazi du egoitza Londresen duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak. Poliziaren hainbat kontrol guneri eraso egin diete, eta erreboltariek hildakoak ehundik gora direla esan badute ere, oposizioko elkarteak 80 baieztatu ditu. Hain justu, Siriako Armada Askeak Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren bake planarekin zuen «konpromisoa amaitutzat» jo du, iragan ostiralaz geroztik. «Gure herria defendatzen hastea erabaki dugu», esan du Sami al-Kurdi oposizioko armadako jeneralak.

Ostirala bitarteko epea eman zioten Baxar al-Assad Siriako presidenteari oposizioko kideen aurkako erasoak eteteko, eta hala egin ezean «ondorioak jasan» beharko zituela mehatxu egin zioten. Eskaera bete ez duela argudiatuta, gobernuaren indarren aurkako erasoak hasi ditu oposizioko armadak «herritarrak babesteko». Atzo hainzuzen borrokak indartu ziren armadaren etamatxinoen artean. Homsen, Daraan, Haman eta Idliben bonbardaketak egin ditu armadak.

Iragan apirilaren 12an sartu zen indarrean Annanen bake planaren baitako su-etena. Denbora horretan bi aldeek sistematikoki urratu dutela salatu du NBEk. Maiatzaren 25ean jazo zen Houlako sarraskiaz geroztik, baina, egoera gaiztotu egin da, eta gertakari hori erabili du Siriako Armada Askeak su-etena behin betiko amaitutzat emateko argudio gisa. 108 zibilen heriotza eragin zuen erasoaren inguruko bertsio kontrajarriak eman dituzte dena den oposizioko kideek eta gobernuak. Militarrak eta Xabihak —gobernuaren aldeko miliziako kideak— jo dituzte erantzule oposiziotik. NBEk eta Mendebaldeak ere bertsio bera babestu dute. Gobernuak, berriz, «talde terroristen» ekintza izan dela dio. Herenegun, hain zuzen, Al-Assadek legebiltzarrean hitz egin zuen, eta Sirian barne gatazka ordez, «kanpoko gerra» bat jasaten ari zirela esan zuen. Houlako gertakariaren inguruan adierazi zuen, «munstroek» ere ez luketela halakorik egingo eta «odol isuriaren amaiera» eragin beharko lukeela.

Bestetik, Yousef Ahmad Siriako Arabiar Ligako ordezkariak salatu du erakundea nazioartearen esku hartzea lortzeko ahaleginetan dabilela, Annanen plana baztertuta.

Errusia eta EB aldenduta

Siriako gatazka izan dute hizpide Errusiak eta EB Europako Batasunak San Petersburgo hirian egin duten bileran. Vladimir Putin Errusiako presidenteari jarrera malguagoa eskatzeko helburuarekin joan dira bilerara europarrak. Alde bakoitzak, baina, bereari eutsi dio, eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak jarrerak gerturatzeko asmoaren porrota onartu du: «Errusiak eta EBk iritzi ezberdinak dituzte herrialde arabiarreko egoeraren inguruan».

Dena den, Van Rompuyk adierazi duenez biak bat datoz indarkeriaren amaiera lortzeko Annanen plana «aukerarik onena» dela esaterakoan. «Egoera izugarria da. Siriako erregimenak indarkeria gelditu eta Kofi Annanen misioa babestu behar du», esan du Van Rompuyk. Europako Kontseiluak Siriaren aurkako zigorrak onartzen jarraituko duela iragarri du, «zibilen aurkako errepresioak jarraitzen duen bitartean». Moskuk uko egin dio zigorrak onartzeari, eta baita NBEren Segurtasun Kontseiluan esku hartze militarra ahalbidetuko lukeen ebazpena onartzeari ere.

Txinak ere balizko esku hartze militarraren aurka egin du, horrek «erabateko gerra zibila» lehertzea eragingo lukeela argudiatuta. Atzerriko indarrak ez daude Siriako egoeran muturra sartzeko prestatuta, Pekinen esanetan.Annanen plana bakea ezartzeko «aukera bakarra» dela esan du.

Bestalde, Hillary ClintonAEBetako Estatu idazkariak Putini eskatu dio Al-Assad konbentzitu dezala trantsizioa bideratzeko. Trantsizio prozesuak Al-Assadek boterea uztea eragin behar duela nabarmendu du AEBetako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.