Siriako Armada Askeak esan du eraso bati erantzun eta 23 soldadu hil dituela

EBk zigorrak gogortu dizkio Siriari; SNC ez da joango Arabiar Ligak oposizioarekin egingo duen bilerara

2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Hilabete baino gehiago igaro da Kofi Annan Arabiar Ligaren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen mandatari bereziaren eskutik Sirian su-etena indarrean sartu zenetik. Indarkeriak, baina, ez du etenik herrialdean. Atzo, oposizioko Siriako Armada Askeak jakinarazi zuen armadak erasoa egin zuela Homs eskualdean, Rastan hirian, artilleria astunarekin. Baina gogor erantzun dutela eta gutxienez 23 soldadu hil dituztela esan dute.

Borroka gogorren berri eman dute lekukoek ere. Igande gauean bonbardaketak eta erasoak etengabeak izan zirela kontatu dute.Siriako Giza Eskubideen Behatokia oposizioko erakundeak ere, zeinak egoitza Londresen duen, berretsi egin ditu gertakariak. Siriako Armada Askeak adierazi du hainbat kide galdu dituela liskar horretan, baina ez du zenbatekorik eman. Baxar al-Assaden gobernuak, berriz, ez du Rastango borroken inguruko aipamenik egin, ezta ustez hil diren 23 soldadu horien inguruan ere. Bai, ordea, Daraan, Deir ez-Zorren eta Juoberren ustez «armatutako talde terroristek» hil dituzten armadako hiru kideen berri eman. Rastango hildakoak 23 direla berretsiko balitz, protestak hasi zirenetik Al-Assaden indarren aurka eginiko erasorik handienetarikoa litzateke.

Borrokek, gainera, mugak gainditu dituzte: Libanon, Tripoli hirian ere, Al-Assaden aldekoak eta kontrakoak liskarretan aritu dira asteburuaz geroztik. Egunotan bost lagun hil dira, eta 70etik gora zauritu. Larunbatean Poliziak Xadi Malaui atxilotu zuen, «erakunde terrorista batekin» harremana izatea egotzita, baina hedabideetan atxiloketa Siriako gatazkarekin lotu zuten. Damaskok Siriako matxinoak armatzea egozten die libanoarrei, eta, Malauiren atxiloketaren ondoren, egoera lehertu egin da.

Bilerak oposizioarekin

Asteazkenean eta ostegunean dira Arabiar Ligako kideak Siriako oposizioarekin biltzekoak. Nabil al-Arabi erakundeko idazkari nagusiak azaldu du bilera horietatik oposizioaren ordezkaritza bat eratu nahi dutela, Damaskorekin negoziazioak hasteko. SNC Siriako Kontseilu Nazionala erbesteko erakundeak jakinarazi du ez dela bileretara joango, arrakasta izateko baldintzarik ez dagoela argudiatuta.

SNCk berretsi du Al-Assaden «diktadura» amaitzeko exijitzen duela, eta, beraz, gobernuarekin negoziatzearen kontra dago. Dena den, Arabiar Liga bazkide duela esan du SNCk, eta «herriaren eskaerei» erantzuten dien edozein bileretan parte hartzeko prest agertu da.

Bestalde, EB Europako Batasunak Siriako Gobernuarekin lotura dutenen aurkako zigorrak gogortu ditu. Annanen plana babestu du Catherine Ashton EBko diplomazia buruak, baina hainbat herrialdek adierazi dute alternatibei buruz hitz egiteko ordua dela. Oposizioari elkartzeko eskatu dio EBk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.