Protestak herrialde arabiarretan

Siriako armadak beste 30 hildako eragin dituela salatu dute

Siriako Giza Eskubideen Aldeko Erakundeak azaldu du Hama inguruetan eta Turkiako mugatik gertu armadak egindako operazioetan izan direla hildakoak.

2011ko abuztuaren 9a
17:47
Entzun

Siriako Giza Eskubideen Aldeko Erakundeak azaldu duenez, Siriako armadako tankeek 30 hildako eragin dituzte gaur Hama inguruetan eta Turkiako mugatik gertu dagoen herri batean egindako operazioetan. 

Erakundeak zehaztu du tankez babesturiko soldaduak sartu direla Hama iparraldeko Soran eta beste zenbait herritara eta 26 pertsona hil eta dozenaka zauritu dituztela. Horretaz gain, antzerako eraso batean lau pertsona hil dituzte Binnishen, Turkiako mugatik 30 kilometro ingurura dagoen herri batean.

Horren aurretik, Siriako Iraultzaren Koordinazio Batasunak beste bost hildakoren berri eman du. Talde horren arabera, Hama inguruko herrietan hildako bost lagunen gorpuak iritsi dira Jwash ospitalera (Tibet al Iman herrian), tartean familia bereko bi neskatilen gorpuak.

Sirian Bashar al Assad presidentearen aurkako protestak egiten ari dira azken egunetan; armadak ehundik gora hildako eragin ditu, eta errepresiorik bortitzena Hama hiriak jasan du. Nazioartetik gaitzespen asko jaso ditu Al Assaden jarrerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.