Siriako armadak Halaben aitzinera egin du, Salah al-Din auzoa hartuta

Riad Hijab lehen ministro ohia Jordanian dagoela adierazi du hango gobernuak

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Siriako hiririk handienetan bigarrena, Halab, berreskuratzeko borrokan aurrerapausoa eman du armadak, Salah al-Din auzoa kontrolpean hartu baitu. Telebista publikoak jakinarazi duenez, han zeuden «terrorista gehienak» hil dituzte soldaduek. Siriako Armada Askeko matxinoek auzotik alde egina dutela aitortu diote hasieran Reuters agentziari; baina,geroago, Abu Mohamed matxinoen bozeramaileak agentzia berari erran dio militarrek ez dutela «erabat hartu» Salah al-Din.

Bihar bi aste beteko dira armadak Halab berreskuratzeko erasoaldia hasi zuenetik. Ordutik, matxinoen gotorlekuetako bat izan da Salah al-Din. Erasoaldia hasi eta bi egunera, auzunea kontrolpean hartu zuela erran zuen Siriako Gobernuak; baina ordutik atzora arte, ia egunero eman dute borroken berri. Siriako Armada Askeak, gainera, hiriaren %60 kontrolatzen zuela aldarrikatu zuen herenegun; baina telebista publikoak dioenez, Salah al-Dinen ezik, bertze hainbat auzotan ere sartu da armada —Bab al-Hadeeden, alde zaharretik gertu, eta Bab al-Nayraben—, eta «dozenaka terrorista» hil ditu.

Halab da Siriako hiririk handiena da —2,7 milioi biztanle inguru ditu—, eta, horrez gain, gune ekonomiko nagusia da. Damaskotik iparraldera dago, 300 kilometrora, eta Turkiatik 50 kilometrora. Hiria hartuta, mugarainoko lurralde eremu bat kontrolatu nahi dute matxinoek,horrela, Turkiatik laguntza zuzenean jaso eta matxinadarentzat erdigune bat sortzeko.

Indarkeria sektarioa

Siriako aniztasun etniko eta erlijiosoaren adierazgarri ona da Halab, arabiarrak eta musulman sunitak gehiengoa diren arren, hainbat etnia eta erlijio batera bizi direlako han. Kristauak, adibidez, herritarren %12 inguru dira;, eta kurdu anitz ere bizi dira han. Horregatik, gerra egoerak indarkeria sektarioa leherrarazdezakeela ohartarazi dute Siriako eta nazioarteko eragile anitzek, kontuan hartuta matxinoen artean islamismo sunita dela joera nagusia. Sana agentzia publikoak jakinarazi duenez, herenegun mendebaldeko Homs hiritik gertu izandako eraso batean hamasei lagun tirokatuta hil dituzte; horietako sei, kristauak, eta bertze sei, alauiak. Energia konpainia batentzat lan egiten zuten.

Siriako Armadako Askeak bahitutako Irango 48 erromesei dagokionez, Nazio Batuen Erakundeak «bahiketa guztiak» gaitzesten dituela erran du, baina ez dio erantzun Teheranek egindako bitartekaritza eskariari.

Bertsio kontrajarriak

Riad Hijab lehen ministro ohia, berriz, ez da jendaurrean agertu oraindik, baina jada Jordanian dagoela erran du hango gobernuak. Samih Maaytah Informazio ministroak adierazi duenez, atzo goizaldean gurutzatu zuen muga bere senideekin. Bertsio horrek gezurtatu egin du astelehenean Hijaben bozeramaileak errandakoa, Mohamed el-Etrik erran baitzuen ordurako Jordanian zegoela lehen ministro ohia, eta Qatarrera joatekoa zela. Maaytahek berak gezurtatu zuen orduan Hajib Jordanian zegoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.