Gutxienez hogei lagun hil dira bart Hims hirian, Siriako armadak Bashar al Assad presidentearen aurkako protestak hasi zirenetik egin duen operazio odoltsuenetako batean. Sei hilabeteko daramate siriarrek protestan, eta horietan gehien nabarmendu diren hiru auzoetan burutu du armadak sarraskia.
Bab Sbaa, Bab Dreib eta Bab Hut auzoak izan dira soldaduen jomuga. Kale estuetako auzoak dira eta protestagileek eta bizilagunek adierazi dutenez, manifestazioetan soldaduak tiro hasten zirenean ihes egiteko baliatzen zituzten. Auzo horiek zigortzeko operazioa izan da.
"Helikopteroak airean dabiltz eta frankotiratzaileek teilatuetatik egiten dute tiro. Tankeen tiroek euria balira bezala erortzen dira gure gainean", adierazi dio The Jerusalem Post Israelgo egunkariari Bab Sbaa auzoko bizilagun batek. SANA Siriako albiste agentzi ofizialak dio "talde terrorista batek" Homseko ospitalera suzi bat bota dutela, eta "beste terrorista batzuk" zibilen aurka ari direla tiro egiten".
Gainera, Baaz alderdiaren idazkari Ezzedin Obeid eta idazkariorde Abdel Razaq bahitu dituztela esan du, eta Al Noimeh herrian bonba bat lehertarazi dutela.