Siriako oposizioak jakinarazi duenez, armadak Homs hiria bonbardatu du gaur berriro, eta erasoan gutxienez 39 lagun hil dira. Goizean izan da erasoa tankeekin eta morteroekin egina, Bab Amro, Al Bajada, Jalidija eta Al Waer auzoetan. Gaineratu dutenez, meskitetan eraikin altuenetatik ateratzeko ohartarazi diote jendeari.
Ostiralean 147 eta 260 lagun artean hil zirela esan zuen oposizioak, Bashar al Assad presidentearen aurkako protestak hasi zirenetik izan den eraso "odoltsuenean". Ordu gutxi batzuetara Errusiak eta Txinak NBEren Segurtasun Kontseiluaren erresoluzioa betatu zuten, Siriaren kontra.
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak horregatik Sirian gertatzen denaren erantzule egin ditu. NBEren arabera 5.000 lagun baino gehiago hil dira Sirian iazko martxoan protestak hasi zirenetik. Oposizioaren arabera, 7.000tik gora dira.