Ekialde Hurbila

Siriako armadak lurreko erasoaldi bat hasi du, Errusiak airetik lagunduta

Gobernuak ipar-mendebaldeko Idlib eta Hama probintzietan hasi du ofentsiba. 

Errusiako armadako kideak, hegazkin batean misil bat kargatzen. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA
mikel rodriguez
2015eko urriaren 7a
08:19
Entzun

Siriako Gobernuko iturri anonimo batek Associated Press berri agentziari jakinarazi dionez, armadak erasoaldi bat hasi du ipar-mendebaldeko Idlib eta Hama probintzietan. Oposizioko Sirarako Giza eskubideen behatokiaren arabera, Errusiak azken orduotan gutxienez 37 bonbardaketa egin ditu eremu horietan. Duela hilabete batzuk Al-Qaedari lotutako Al-Nusra Fronteak eta bertze talde armatu batzuek, nagusiki Fronte Islamikoa muturreko koalizio islamista sunitari lotutakoek, ia Idlib probintzia osoa eta Hama iparraldea hartu zituzten. Hain zuzen, Errusiak duela astebete eremu horietan egin zituen lehenbiziko aire erasoak.

Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak, berriz, jakinarazi du Kaspiar itsasotik ere egin dituztela EI Estatu Islamikoaren aurkako bonbardaketak Sirian. Vladimir Putin presidentearekin batera telebistan egin duen agerraldi batean azaldu du 26 suziri jaurti dituztela itsasontzietatik. Irango eta Irakeko aire eremuak gurutzatu behar izan dituzte Sirian haien helburuak jotzeko. 

Siriako gerra 2011n piztu zen, herrialde arabiarretako matxinaden arrimura sortutako protesten ondoren. AEBek eta haien aliatuek iaz aire eraso kanpaina bat hasi zuten Iraken eta Sirian, EIren aurka. Errusiak duela astebete esku hartu zuen, Siriako Gobernua laguntzeko. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, gutxienez 250.000 lagun inguru hil dira lau urtean, eta lau milioi inguruk ihes egin dute atzerrira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.