Protestak herrialde arabiarretan

Siriako armadako mila desertore inguru Rastan hirian gotortu dira

Erregimenak hiria bonbardatu du; oposizioak dio desertoreek «matxino taldeak» sortu dituztela

mikel rodriguez
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Azken egunetan Siriako gatazkaren arreta gune nagusia erdialdeko Hims probintziako Rastan hirian dago. Oposizioko iturriek eta nazioarteko hedabideekin harremanetan paratutako herritarrek diotenez, soldadu talde bat, mila inguru, erregimena utzi eta hiri horretan gotortu dira, armatutako herritarrekin batera armadari aurre egiteko. Horrek tankeekin bonbardatu zuen Rastan atzo, eta gutxienez lau soldadu desertore hil zituen, Siriako Giza Eskubideetarako Behatokiaren arabera. Damaskok ez du Rastango operazio militarra berretsi.

Rastanek 40.000 biztanle ditu, eta Damaskotik 180 kilometro iparraldera dago. Bizilagun batek adierazi duenez, Siriako armadak hiriaren hegoaldea hartu du. Interneten bideo bat argitaratu dute, ustezko soldadu desertoreek egina. Jussef Hammud kapitaina dela dio haietako batek, eta Siriako armadari ohartarazten dio Rastan haren «hilobia» izanen dela.

Oposizioko iturrien arabera, manifestariei tiro egiteko agindua bete ez duten soldaduek «matxino taldeak» osatu dituzte, batez ere Himseko landa guneetan. Damaskok ukatu egiten du desertoreak daudela. Bertzetik, Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, atzo hamalau lagun hil zituzten herrialde osoan.

Zigor proposamena

Nazioartean, berriz, Erresuma Batuak, Frantziak, Alemaniak eta Portugalek Bashar al Assaden erregimena gaitzesteko proposamena aurkeztuko dute Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan. Herrialde horietako diplomatikoek Reutersi adierazi diote espero dutela gaur bertan bozkatu ahal izatea. AEBek beren atxikimendua adierazi diote lau herrialde horien asmoari.

Segurtasun Kontseiluak proposamena onartu eta ebazpen bihurtuko balu, zigorrak ezarriko lizkioke Siriari. Hala ere, hori onartzeko kontseiluko hamabortz kideetatik bortzek jarrera aldatu behar lukete, orain arte zigorrak ezartzearen aurka agertu baitira. Brasil, India, Hegoafrika, Txina eta Errusia dira horiek, azken biak beto eskubidearekin. Bortz horien aurkako jarrera Libiako esku hartzeak indartu du, NATOk zibilak babesteko ebazpena gainditu egin duela baitiote. Txinak eta Errusiak ez zuten beto eskubidea erabili orduan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.