Siriako oposizioko taldeen arabera, Damaskoko hiri inguruak bonbardatu ditu gaur Siriako armadak. Oposizioak atzo salatu zuen armadak Ghouta eremuan 1.300 lagun hil zituela, eta, hain zuzen ere, leku horixe bera bonbardatzea leporatu dio gaur Baxar al-Assaden gobernuari. Iturri horien arabera, suziriak eta morteroak jaurti dituzte. Hainbat ekintzailek ziurtatu dute milaka lagun hegoaldera ihes egiten ari direla atzoko erasoaren ondoren. The Jordan Times egunkariak, berriz, 10.000 lagunek alde egin dutela baieztatu du.
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak auziari buruzko eztabaida luzea izan zuen atzo: ia hiru orduko bileratik akordiorik gabe atera ziren. Horren helburua Siriako oposizioaren salaketari jarraiki arma kimikoak erabili ote ziren ikertzeko eskaera edo adierazpen presidentziala adostea zen, baina ez zuten halakorik lortu, Txina eta Errusiaren aurkako botoak zirela medio: ustez 1.300 lagun hil zituen erasoa argitzeko baino ez dute eskatu. Gobernuak eta armadak, berriz, oposizioak dioenaren aurka, ukatu egin dute arma kimikoak erabili dituztela.
Hainbat herrialdek eskatu diote Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari Sirian gertatzen ari diren erasoen inguruko ikerketa abia dezala. Maria Cristina Perceval Argentinako enbaxadoreak —Kontseiluko lehendakaria da gaur egun—, ziurtatu du kideen artean "kezka handia" dagoela Siriako egoeraren inguruan: arma kimikoak erabili direla baieztatzen bada, Percevalen arabera, nazioarteko legedia urratuko litzatekeela uste dute guztiek.
Human Rights Watch giza eskubideen defentsarako erakundeak baieztatu du lekukoek deskribatu dituzten "sintoma eta tirokatzeko metodoak" arma kimikoak erabiltzen direnean bezalakoak direla, eta, horregatik, Siriari eskatu dio NBEko ikuskatzaileei "berehala" emateko erasoak gertatutako eskualdean sartzeko baimena. Izan ere, NBEren aditu talde bat Sirian da, hiru eremutako erasoak argitzeko asmoz: Banek ziurtatu du, hala ere, kasu gehiago ere ikertuko dituztela.
Frantziako Atzerri ministro Laurent Fabiusek adierazi du eraso kimikoa baieztatzen bada "indarrez" erantzun beharko dutela.