Siriako auziko hiri gatazkatsuenetara iritsi dira Arabiar Ligako behatzaileak

Arabiarren ordezkaritza heldu aurretik, hogei lagun hil dira gutxienez Himsen, eta armadak hainbat auzo hartu ditu

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Arabiar Ligako behatzaile taldeetan bigarrena iritsi zen atzo Damaskora, 50 kide hango berri jasotzera, eta Mohamed Ahmed Mustafa misioaren zuzendariaren taldearekin bat egin ondoren, haien lana errazagoa izateko, talde txikietan banatu dira oposizioak Siriako mapan ezartzen dituen puntu gorrietara joateko: Hims da orain arte krisia hasi zenetik horrek eragin handiena izan duen hiria, eta gaur dira iristekoak hara, baina Damaskon gertatu bezala —bi bonba lehertu ziren iritsi ziren egunean, eta 40 lagun hil ziren—, Arabiar Ligako ordezkariek ez dute harrera samurra izan. Oposizioak, Siriako Kontseilu Nazionalaren bitartez salatu du atzo gutxienez hogei hildako izan zirela Himsen eta armadak hartuak dituela hainbat gune, besteak beste,Bab Amro auzoa. Han izan dira hildakoetatik hamalau, bai eta dozenaka zauritu ere. Himsez gain, Daraa, Idlib, Alepo eta Hama ere bisitatuko dituzte; egunero iristen dira handik hildakoen albisteak, baina baieztatu ezin diren iturrietatik.

Arabiar Ligarena gisa honetako lehen misioa da, eta Europako Batasunak eta AEBek eskatuadiote arriskutsua izanagatik ere ez uzteko bertan behera, egoera hobetzeko aukera gutxietakoa izan daitekeelako. Erakundeak badaki hori, eta horrek bere lanari «beste dimentsio bat ekartzen» diola adierazi du Tali al Saud al Atlasik, Sirian den behatzaileetako batek. Herrialde arabiarretan sortzen ari den egoera berrian «negoziatzaile garrantzitsua» dela gaineratu du. Erakundeak bere izaera eta eragina indartzeko helburua dauka, eta baita bitartekari izateaere Bashar al Assaden gobernuaren eta Mendebaldearen artean. Hilabetean egongo da erakundeaSirian, eta behar izanez gero, gehiago.

Plan konplexua

Arabiar Ligaren plana aurrera ateratzea, baina, lan nekeza izango da. Erregimenak bere konpromisoak bete beharko dituela alde batera utzita, oposizioaren jarrerak baldintzatuko du plana. Mendebaldean ezagun egin da Turkian eratutako Siriako Kontseilu Nazionala, baina oposizioa erakunde hori baino pluralagoa da. Beste talde nagusia Damaskon sortutako Koordinazio Nazionalerako Batzordea da, nagusiki ezkerreko alderdiek osatua.

Bi erakundeak ez datoz bat oinarrizko gaietan: erregimenarekiko elkarrizketari eta nazioartearen esku hartzeari dagozkienetan. Kontseilu Nazionala hasieratik agertu da elkarrizketaren aurka, eta Al Assadek agintea uztea ezinbestekotzat jarri du. Hala ere, ekimenari alde ona ikusten dio: Damaskok plana onartuta, oposizioa badela onartzen duelako.

Koordinaziorako Batzorde Nazionalak, berriz, elkarrizketa onartzeko hainbat baldintza jarri ditu: armada kaletik ateratzea, manifestarien aurkako erasoak etetea eta preso politikoak askatzea. Hain zuzen, Arabiar Ligaren planak bildutakoak.

Bi erakunde horiez gain, armadatik desertatu duten militarrek borroka armatuan ari diren bi talde sortu dituzte: Siriako Armada Askea eta Ofizial Askeen Taldeak. Bi erakunde horiek bakarrean bildu dira, baina ez dago erabat argi zer harreman duten oposizio politikoarekin.

Arabiar Ligaren ekimenean zeresana izango duen beste alde bat, berriz, nazioarteko potentziena da. Kontseilu Nazionaleko hainbat eledunek haiek esku hartzeko eskatu dute. Mendebaldeak, AEBak gidari, ez du elkarrizketarik nahi Al Assadekin: joan dadila, eta kito. Errusiak, berriz, Txinak bezala, elkarrizketaren bidea aldeztu du, eta hortik datoz Segurtasun Kontseiluan Siriarekin landu beharreko bidearen inguruko ezadostasunak.

Siriako gobernua azkenetan dela diotenak, berriz, gero eta gehiago dira, baina benetan zenbateraino den egia ezin da jakin, gatazkan ahots interesatuak bazterrean utziz gero, ezer gutxi geratzen baita. Bashar al Assad Errusian erbestera daitekeela esatea izan da gisa horretako azken albistea. Maariv Israelgo egunkariak zabaldu du berria, hango iturri ofizialak aipatuta: Faruk al Shara presidenteordea jartzearen truke, Mosku prest dagoela Al Assadi babesa emateko.

Joan den abenduaren 16an Al Shara Errusian izan zela zabaldu dute, Siriako egoeraren inguruko irtenbideez hizketan, baina Moskuk hori ukatu egin du. «Ez dugu diplomazia sekretuan jolasteko ohiturarik. Ofizialki gustatuko litzaiguke esatea Al Shararen bisitarik ez dela izan», nabarmendu du Atzerri Ministerioak. Hori bai, «agintari siriarrekin harremana etengabekoa da, bai Moskun, Damaskon edota New Yorken». Siriako auziaamai dadin «ahalegin guztiak» egiten ari dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.