Siriako buruak erreformak eskatzeko zilegitasuna ukatu dio Arabiar Ligari

Herrialde arabiar «bakar bat ere» ez dela demokratikoa erran du Baxar al-Assadek, eta potentzien menpe egotea egotzi dieBehatzaileei egindako erasoak salatu ditu Arabiar Ligak; erregimena egin du erantzule

mikel rodriguez
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Baxar al-Assad Siriako presidenteak telebista bidez agerraldia egin zuen atzo; martxotik, haren erregimenaren aurkako matxinada hasi zenetik, laugarrena. Bertze behin, «atzerriko konspirazioak» egin ditu erreboltaren errudun. Baina, bereziki, Arabiar Ligaren kontra jo du; hain justu, erakunde horren behatzaileak Sirian daudenean. Liga osatzen duten herrialdeei erreforma demokratikoak exijitzeko zilegitasuna ukatu die, eta azpimarratu du demokrazia ez dagoela herrialde arabiar «bakar batean ere». Akusazioak egitean, ohi duen bezain grafiko eta zorrotz mintzatu da Al-Assad. «Egoera honako hau da: erretzen duen mediku bat, zigarroa eskuan duela, erretzeari uzteko eskatzen ari zaio eriari».

Ordu eta erditik goitiko agerraldia izan da Al-Assadena, iragan hilean Arabiar Ligaren plana onartu zuenetik egindako lehenbizikoa. Bereziki kritiko agertu da Persiar golkoko herrialdeetako monarkia absolutistekin. «Sirian lehenbiziko parlamentua 1917an egin zen. Non zeuden haiek orduan?». Siriako presidentearen ustez, Arabiar Liga nazioarteko potentzien menpe dago, eta arabiarren interesen alde egiteko orduan «porrot» egin du.

Siria behin-behinean erakundetik kanporatu zuen Arabiar Ligak azaroan. Hurrengo hilean, berriz, Damaskok ligaren bakerako plana onartu zuen, eta, horri jarraiki, abenduaren 22an herrialde arabiarretako 165 behatzaile Sirian sartu ziren. Liga gogor kritikatu arren, krisialdi politikoaren «irtenbide arabiarrari» ateak ez dizkiotela itxi erranez justifikatu du Al-Assadek behatzaileak onartzea.

Horiek, ordea, salatu dute beren aurkako «kanpaina gaizto bat» dagoela. Arabiar Ligako idazkari nagusi Nabil al-Arabik salatu du Latakia hirian erregimenaren jarraitzaileek behatzaileei eraso zietela, eta «bertze eremu batzuetan», berriz, oposizioko manifestariak izan direla erasotzaileak. Ligaren arabera, 11 behatzaile zauritu dituzte guztira. Al-Arabik Al-Assaden erregimena egin du erantzule, behatzaileen segurtasunaren ardura duelako, eta Arabiar Ligarekin arlo horretan hartutako konpromisoak ez betetzea leporatu dio.

Konstituzio erreferenduma

Al-Assaden hitzaldiaren bertze puntu nagusia erreformen iragarpena izan da. Konstituzio berriaren inguruko erreferenduma martxoan eginen dutela, eta maiatzerako alderdi anizdun parlamenturako bozak deituko dituela ziurtatu du. Erregimena irekitzeko asmoa iraganean ere agertu izan du Al-Assadek, baina oposizioko talde gehienek ez diote sinesgarritasuna eman.

Matxinoei buruz, berriz, ez direla «benetako iraultzaileak» erran du presidenteak, eta gatazka «terroristen eta erreformisten» artekoa dela. «Terroristak burdinazko ukabilarekin» zanpatuko dituela ziurtatu du. Estatuko indarrei manifestariak tirokatzeko agindu izana ukatu du, gainera. «Legearen arabera inork ezin du tiro egin, norbere burua defendatzeko ez bada». Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, ordea, atzo bertan gutxienez 27 lagun hil ziren estatuko indarren errepresioaren ondorioz. Horietako hamabortz ekialdekoDeir-ez-Zor probintzian tirokatuta hil zituzten, eta erdialdeko Homs hirian, berriz, adingabe bat hil arte torturatu zuten. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Arabiar Ligako behatzaileak Sirian daudenetik 400 lagun hil dituzte estatuko indarrek.

Datu horiek berrestea, ordea, hagitz zaila da Damaskok hedabideengan ezarritako kontrolaren ondorioz. Al-Assadek erran du matxinadaren hasieran hedabideei askatasuna eman zietela, baina horien «manipulazioen» ondorioz «nolabaiteko kontrola» ezarri behar izan zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.