SIRIA

Siriako Defentsa ministroa hil dute atentatu batean

Eraso berean, Barne ministroa ere zauritu dute. Damaskon izan da atentatua, Segurtasun Nazionalaren egoitzan. Ministro bilera zuten bertan. Siriako Armada Askeak hartu du erasoaren erantzukizuna, berri agentzien arabera. 

2012ko uztailaren 18a
17:21
Entzun

Dawud Rayiha Siriako Defentsa ministroa hil dute gaur Damaskon, Segurtasun Nazionalaren egoitzan egin duten atentatu batean. Hala adierazi dute hainbat hedabide eta berri agentziek. Baxar al Assad presidentearen aginteko ministroek eta segurtasun agentziek bilera zuten bertan.  

Eraso berean Defentsa ministrorde eta Al Assaden koinatua ere zendu da:  Asef Shaukat. Biat presidentearen laguntzaile militar bat ere.

Leherketan Mohamed Ibrahim al Shaar Barne ministroa eta Hisham al Ijtiar Segurtasun Nazionaleko burua larri zauritu dira. Hildako eta zauritu gehiago egon daitezke. 

Atentatuaren egileen gaineko informazioak nahasgarriak dira. Sana berri agentziak adierazi du atentatua Defentsa ministroaren bizkartzainak egin duela. Eguerdian, Liwa al Islam taldeak eta Siriako Armada Askeak erasoaren erantzukizuna hartu dute. Efe agentziari eginiko adierazpenetan, Siriako Armada Askeko bozeramaile batek azaldu du hainbat politikariren bizkartzainen laguntza izan dutela atentatua aurrera eramateko orduan.

Hasiera batean, talde horrek atentatua egin izana ezeztatu du, ustez, kideen segurtasuna bermatzeko. Izan ere, goizean, Siriako Armada Askeako beste bozeramaile batek esan du Al Assaden aldekoak daudela atentatuaren atzean. "Ohikoa da erregimenak halako erasoak egitea NBEko Segurtasun Kontseiluaren bileren aurretik", azaldu du bozeramaileak. Seguratsun Kontseilua gaur da bozkatzekoa behatzaileen misioa luzatzeko ebazpena.

Herrialdeko telebista kateak aurreratu du Informazio ministroak agerraldia egingo duela aurki, atentatuaren xehetasunak argitzeko. Iturri horrek berak dio Fahd Yasem al Farich jenerala izendatu dutela Defentsa ministro berri. 

Damaskon oposizioak eta armadaren arteko istiluak laugarren egunez luzatu dira gaur. Dagoeneko, borrokaldiak hiriaren erdialdera heldu dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.