Herrialde arabiarretako matxinadak

Siriako erietxeak tortura guneak direla salatu du Amnesty Internationalek

AIren arabera protestetan zauritutako zibil anitz ez dira ospitalera joaten, beldurragatik

Erredakzioa
2011ko urriaren 26a
00:00
Entzun
AI Amnesty Internationalek salatu du Siriako erregimenak ospitaleak «torturarako zentro» gisa erabiltzen dituela. 39 orrialdeko txosten bat egin du AIk, eta han dio gutxienez lau ospitaletan torturak eta bertzelako tratu txarrak eman dizkietela protestetan zauritutakoei; kasu batzuetan medikuek ere torturatu dutela salatu du. Beldurraren ondorioz, zauritutako zibil anitz ez dira ospitaletara joaten, erakundearen arabera. Txostenean Siriako ospitaletako iturriak aipatu ditu AIk.

Aipatutako kasu bat erdialdeko Hims hirian gertatutakoa da, irailean. AIren arabera, soldaduak erietxean sartu ziren, ustez gobernuaren aurkako militar baten bila. Aurkitu ez zutenez, ospitalean zeuden hemezortzi zauritu eraman zituzten. Erizain batek AIri kontatu dio konorterik gabe zegoen eri bat arnasa hartzeko makinatik deskonektatu zutela atxilo eramateko. Siriako Gobernuak, baina, matxinadaren hasieratik ukatu du arerioak torturatzen dituela.

Oposizioak elkarrizketari ez

Zazpi hilabete baino gehiago pasatu dira Bashar al Assaden erregimenaren aurkako matxinada hasi zenetik, eta gatazkak erabat trabatuta segitzen du. Erregimenaren oposizioko hainbat erakunde biltzen dituen Kontseilu Nazionalak Arabiar Ligaren azken proposamena errefusatu du, bi aldeen arteko elkarrizketa beharrezkotzat jotzen duelako. Kontseiluaren ustez, horrek soilik «odol gehiago isurtzeko» balioko luke. Kontrako aldean, Libanoko Hezbola milizia xiitak adierazi du Al Assad erortzea «izugarria» litzatekeela Siriarentzat. Konponbiderako egokiena manifestariak karriketatik erretiratzea litzatekeela uste du Hezbolak, erreformak «bakean» egiteko.

Atzo zazpi hildakoren berri eman zuen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak. Horren arabera, zazpiak estatuko indarren kideak dira, eta militar desertoreek hil zituzten segada batean, Turkiako mugako Idlib eskualdean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.