Siriako Gobernuarekin lotura dutelakoan 28 lagun eta bi enpresa zigortu ditu EB Europako Batasunak. Europan dituzten aktiboak izoztu dizkie guztiei, eta Europan zehar bidaiatzeko debekua ere ezarri die. Bi enpresei egotzi die «Sirian errepresiorako erabilitako materialen erosketarekin loturaizatea», eta 28 lagunei, berriz, herrialde hartako «errepresioaren» erantzuleak izatea.
Baxar Al-Assaden gobernua ekonomikoki itotzeko beste hainbat neurri ere iragarri ditu EBk. Europako enpresei debekatu egin die Siriari armak erostea, baita Damaskori armen esportaziorako garraio eta aseguru zerbitzuak eskaintzea ere. EBk, beste behin, Al-Assaden gobernua gaitzetsi, eta zibilen aurka erabilitako indarkeria salatu du.
Horrez gain, Turkiarekiko tentsioa areagotzea egotzi dio. Hain zuzen ere, azken egunetan, bi herrialde horien aire eremua dela-eta sortu da tirabira. Biek debekatu egin diete beste herrialdea helmuga duten hegazkinei haien aire eremutik igarotzea. Siriak zein Turkiak aire eremua kontrolatzeko neurriak hartu dituzte. Atzo, esaterako, Armeniatik Siriara giza laguntza zeraman hegazkin bat lurrerarazi zuen Turkiak. Ordu batzuen buruan eman zion berriz aireratzeko baimena.
AFAD Larrialdi Egoeretarako Administrazioaren arabera, dagoeneko 100.000 dira Turkian dauden Siriako errefuxiatuak, eta kanpamentuetako edukierak gainditzear daude. Bitartean, Lakhdar Brahimi Nazio Batuen Erakundearen Siriarako bitartekaria Irango eta Irakeko ordezkariekin bildu da azken bi egunetan, Siriako gatazkaz hitz egiteko.
Siriako «errepresioarekin» lotura dutelakoan, 28 lagun zigortu ditu Bruselak
Europako enpresei debekatu egin die Siriari armak erostea eta armen esportazioan Damaskori laguntzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu