Siriako gatazka konpontzeko laguntza eskaini dio Iranek Annani

SNCk esan du negoziazio posible bakarra «sistema politiko berri baten ingurukoa» dela

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Iranek Siriako gatazka konpontzeko laguntza eskaini dio Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziari. Teheranen Annanekin bilduta egon ostean, Irango Atzerri ministro Ali Akbar Salehik «zuhurtziaz jokatzeko» eskatu du, Siriako gatazkaren eraginez Ekialde Hurbilean «zoritxarrik» gerta ez dadin. Annanek, berriz, eskertu egin du Iranen laguntza, Siriako gatazka konpontzeko «garrantzitsua eta beharrezkoa» dela esanda. Bestalde, Nuri al-Maliki Irakeko lehen ministroarekin ere egon da Annan, eta Bagdaden adierazi duenez, «Irakeko ordezkariek ere bat egin dute» Sirian etorkizun politikoaren inguruko eztabaida eskatzerakoan.

Annanen proposamenaz gain, Salehik esan du Baxar al-Assadek proposatutako erreformak ere babestuko dituela. Salehiren arabera, erreforma horiek Siriako herritarren oinarrizko eskubide zibilak bermatu behar dituzte. Bestalde, Irango ministroak adierazi du AEBen esku hartzeak Al-Assaden ahaleginak «ahuldu» egingo dituela eta Siriako egoera «larriagotuko» duela. Salehirekin hitz egin ostean, Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkari Said Jalilirekin bildu da Annan. Bilkuraren ostean, Jalilik ere gatazkaren konponbideak «Siriako herriaren eta gobernuaren esku» egon behar duela esan du, eta gaineratu du elkarrizketa politikoa garatu ahala «su-etena lortu» behar dela.

Oposizioa, ezetzean

Irango ordezkariek AEBei Siriako gatazka larriagotzea egozten diete; Al-Assad boteretik kendu nahi dutenek, berriz, Siriari leporatu diote aholkularitza eta babes militarra ematen aritzea Irani. SNC Siriako Kontseilu Nazionala ez dago ados boteretik kanporatzearen trukean Al-Assadi immunitatea ematearekin. SNCko kide Basma al-Qadmanik adierazi du Siriako oposizioak ez duela Al-Assaden gobernuarekin negoziatuko, eta adostasun posible bakarra «sistema politiko berri baten ingurukoa» izango dela.

Abdulbasit Seida buru duen SNCko ordezkaritza Moskun dago eta gaur bilduko da Errusiako Atzerri ministro Serguei Lavrovekin. SNCk Al-Assad agintetik kanporatzen laguntzeko eta Siriako herriaren alde egiteko eskatu dio Moskuri. Hain justu ere,Errusiako lau gerraontzi Siriako Tartus portuan duten base militarrera bidean dira. Errusiako iturri militarrek adierazi dute itsas bidaiak ez duela zerikusirik Siriako gatazkarekin.

Bestalde, hiru lagun hil ditu Siriako armadak Libano iparraldean egindako bonbardaketa batek. Asteburuan beste hiru hildako izan ziren Siriatik egindako tiroen ondorioz, eta Libanoko presidente Michel Sulemainek gertaerak ikertzeko agindu du; halaber,Siria eta Libano arteko mugako segurtasun indarrak areagotzeko erabakia hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.