Wissam al-Hassan Poliziaren zerbitzu sekretuetako buruaren hilketak krisi politiko larria eragin du Libanon, 2005ean Rafik Hariri lehen ministroa hil zutenekoarekin alderatzeko modukoa. Orain, ordea, Siriako gatazkaren testuinguruan gertatu da atentatua, eta herrialde horretako gerra Libanora hedatzeko arriskuak, lehendik ere aipatzen zenak, indar handiagoa hartu du. Al-Hassanen hiletaren ondotik, oposizioaren ehunka jarraitzaile gobernuaren egoitzan sartzen saiatu ziren atzo, eta Poliziarekin liskarrak piztu ziren orduan. Martxoak 14 oposizioko plataformak Najib Mikati lehen ministroaren dimisioa eskatu du berriz ere, Al-Hassanen hilketaren erantzule egiten baitu. Iparraldeko Tripoli hirian, berriz, lagun bat hil da suniten eta xiiten arteko liskarretan.
Milaka lagun elkartu dira Beiruten Poliziaren zerbitzu sekretuetako buruaren hiletan. Mohammad Amin meskitan ehortzi dute, Haririrekin batera. Izan ere, haren hurbileko laguntzailea izan zen Al-Hassan. Haririren hilketaren lehenbizikotariko ikerketa ere Al-Hassanek zuzendu zuen —Siriari egotzi zioten atentatua—. Oposizioko Martxoak 14 koalizioarekin lotura zuen Al-Hassanek. Hiletaren ondorengo hitzaldian, Fuad Siniora koalizioko parlamentariak eta lehen ministro izandakoak solas gogorrak egin ditu Mikatiren gobernuaren aurka. «Krimenak estaltzea» egotzi dio, eta «salbaziorako gobernu neutral bat» eratzea aldarrikatu du.
Damaskori akusazioa
The Daily Star egunkariak nabarmendu du hiletara bildu den jendetzaren artean Libanoko banderekin batera Siriako oposizioak erabiltzen dituenak zirela nagusi —marra gorriaren ordez, berdea dutenak—. Martxoak 14 koalizioa Baxar al-Assad Siriako presidentearen arerioa da, eta hari egotzi dio Al-Hassanen hilketaren gibelean egotea. The Daily Star-en kronikaren arabera, hiletan bildutako jendetzak egindako oihuen artean egon da «Al-Assad, alde egin ezazu Libanotik».
Liskarrak hiletaren ondotik piztu dira. Poliziak negar gasa eta ur txorrotadak jaurti dizkie manifestariei, eta airera tiro ere egin du. Martxoak 14 koalizioak adierazi du, baina, ez duela asmorik manifestazio jendetsuak deituz Mikati gobernutik botatzeko. Lehen ministroak bere gobernu osoaren dimisioa eskaini zion herenegun Michel Suleiman presidenteari, baina hark «aldi baterako» jardunean jarraitzeko eskatu zion. Mikatik erran du, gainera, «lotura bat» dagoela hilketaren eta Michel Samaha ministro ohiaren kasuaren artean. Samaha abuztuan atxilotu zuten, Siriarekin elkarlanean Libanon atentatuak prestatzea egotzita. Ikerketa hori Al-Hassanek zuzendu zuen.
Bere ibilbidean, Mikatik harreman ona izan du Siriarekin. Lehen ministro kargua lortzeko 2011n Martxoak 8 koalizioaren sostengua izan zuen. Horko alderdi nagusietako bat da Hezbollah xiita, Al-Assaden aliatu estuena Libanon. Martxoak 14 koalizioak Al-Hassanen hilketaren erantzule ere egin du Hezbollah. Alderdi xiitak, ordea, berehalakoan gaitzetsi zuen atentatua, eta lotura oro ukatu.
Libanon sortutako eztabaidan sartu da Frantzia ere, Siriari Al-Hassanen hilketa egozteko. Laurent Fabius Atzerri ministroaren ustez, Damaskok Siriako gatazka Libanora eta Turkiara «kutsatu» nahi du. «Sirian gertatzen denaren luzapen bat da, eta horrek are premiazkoagoa egiten du Baxar al-Assadek alde egitea». Libanoren eta Siriaren kolonizatzailea izan zen Frantzia XX. mendean.
Tripoli, Siriaren ispilu
Siriako gatazkak Libanon duen ispilu argiena Tripoli hiria da. Iazko martxoan Sirian matxinada hasi zenetik, Tripolin makina bat aldiz borrokatu dira elkarren aurka komunitate alauia —Al-Assaden aldekoa— eta sunita —matxinoen aldekoa—. Atzoko istiluetan, adingabe bat hil zuten tiroz nagusiki alaui den Jabal Mohsen auzoan.
Siriako gatazka Libanora hedatzeko beldurra sortu du azken atentatuak
Atentatuan hildako Poliziaren zerbitzu sekretuetako buruaren hiletaren ondoren, istilu gogorrak piztu dira BeirutenOposizioak lehen ministroaren dimisioa eskatu du, «krimenak estaltzea» egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu