Siriako gatazkako bi aldeei gerra krimenak leporatu dizkie NBEk

Talde matxinoei «herritarrak torturatzea eta hiltzea» egotzi arren, ez ditu gobernuko indarren delituak bezain larritzat joNBEko behatzaileen Siriako misioa luzatzeko eskatu du Errusiako Gobernuak

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Siriako Gobernuari, talde matxinoei eta gobernuaren aldeko Xabiha miliziari gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egin izana egotzi die NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen ikerketa batzorde independenteak. Genevan aurkeztu duen txosten batean zehaztu du hori. Talde matxinoei «herritarrak torturatzea eta hiltzea» eta halako delituak leporatu badizkie ere, NBEko batzordeak adierazi du ez direla «gobernuko indarrek egindakoak bezain larriak». Horrez gain, NBEren txostenak Xabiha miliziari leporatu dio maiatzean Hula hirian 108 lagun hil izana. «Gatazka militarizatu» izana ere larritzat jo du NBEk, eta nazioarteari elkartzeko deia egin dio «Siriako egoerari negoziatutako konponbide politikoa» bilatzeko.

Hain justu, igande honetan amaituko da NBEko behatzaileen Siriako misioa. Segurtasun Kontseiluak gaur egingo du bilera behatzaileen misioa luzatu edo ez erabakitzeko. Misioaren luzapenak, baina, zatiketa eragin du erakundeko herrialdeen artean. Izan ere, AEBetako mandatari Susan Ricek adierazi du indarkeria areagotu izanak «ezinezkoa» egiten duela NBEko behatzaileek agindutakoa betetzea. Horrez gain, esan du AEBei «pazientzia amaitu» zaiela. Errusiako Gobernuak, berriz, adierazi du «misioak aurrera jarraitu» behar duela, eta behatzaileak Siriatik irteteak «ondorio txarrak» ekarriko dituela herrialdera.

Bestalde, Siriako Gobernuak onespena eman dio NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari berezi Kofi Annanen ordez Lakhdar Brahimi izendatzeari. Annanek hilabete hasieran iragarri zuen ez duela bere kargua berrituko. Brahimik oraindik ez du mandatari berezia izatea onartuko duen edo ez adierazi. Hala ere, joan den astean, nazioarteari eskatu zion Al-Assaden eta oposizioko erreboltarien arteko gatazka konpontzen laguntzeko, modu horretan «trantsizio politikoari» bide egiteko. Brahimik azpimarratu zuen, Siriako milioika herritarrek bakea eskatzen dutela eta munduak ezin duela «bananduta jarraitu».

Bitartean, borrokan segitzen dute Sirian. Armadak Halab iparraldeko Azaz herria bonbardatu du, eta gutxienez hogei lagun hil ditu oposizioaren esanetan. Siriako Armada Askeak, berriz, «presidentetzaren egoitza eskuratu arte» jarraituko du armadaren aurkako erasoak egiten. Hala adierazi du Abu al- Noor Ahfad al-Rasoul brigadako bozeramaileak. Talde matxinoak Siriako armadako buruzagitzaren Damaskoko egoitzari eraso dio bonba batekin, eta lagun bat zauritu da. Al-Noorrek erasoa bere gain hartu du, eta gaineratu du soldaduek herrialdean egindako «hilketei erantzuteko» jo dutela armadaren egoitzaren aurka.

Siriako Atzerri ministrorde Faisal Maqdadek salatu du leherketa «ekintza terrorista bat» izan dela eta «herrialdeko egonkortasuna galarazteko» egin dutela. Armadaren egoitzan kalteak egin ditu eztandak. Dama Rose hotela handik gertu dago. Hotel horretan ostatu hartuta daude NBEren Siriako misioko behatzaileak, baina erakundeak jakinarazi du bere ordezkariek dutela minik hartu.

Edozein modutara, Siriako Armada Askearen buruzagitzako kide Fah al-Masrik adierazi du NBEko behatzaileak ez zirela erasoaren jomuga. Azaldu duenez, armadako 150 goi kargudun inguru armadaren Damaskoko egoitzan batzekoak zirelako leherrarazi dute bonba eremu horretan. Halaber, Al-Masrik Baxar al-Assad Siriako presidentearen gobernua kritikatu du. Haren hitzetan, Al-Assadek Siriako Armada Askeari leporatzen dio NBEko behatzaileak arriskuan jartzen dituen edozein ekintza. Horregatik, behatzaileentzat «babes berezia» eskatu die NBEri eta Segurtasun Kontseiluari. Al-Masriren arabera, «armatuta egon behar lukete» beren segurtasuna bermatzeko.

Gatazkak etenik ez Halaben

Armadak Halabeko eta Damaskoko hainbat auzo bonbardatu ditu. Halaben, Al-Xifaa erietxearen aurka egin, eta lagun bat zauritu dute. Erasoa gertatu denean hamabost gaixo zeuden erietxean, eta beste osasun etxe batera eraman behar izan dituzte. Al-Xifaako sendagile batek jakinarazi du «beste bost minutu» bertan geratu balira guztiak hil egingo ziratekeela. HRW Human Rights Watch erakundeak bonbardaketa gaitzetsi du, eta salatu du erietxe guztiak «nazioarteko giza eskubideen legeak» babesten dituela eta ezin daitezkeela «erasoen jomuga» izan.

Libanoko familia batek jakinarazi du Siriako hogei herritar gatibu dituela. Siriako Armada Askeak Hasan Salim al-Mokdad Libanoko herritarra bahitu izana mendekatzeko atxiki dituzte. Astelehenean Al-Arabiya telebistak bahituaren irudiak eman zituen, eta Al-Mokdadek zioen Hizbula talde xiitaren aginduz armadari matxinoen aurka laguntzeko jo zuela Siriara. Gurasoek, aldiz, «lan kontuengatik» zegoela han adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.