Siriako gatazkaren erdigune bihurtu da Halabeko borroka bi aldeentzat

Armada hiria bonbardatzen ari da lurrez eta airez, baina Siriako Armada Askeak erasoari aurre egitea lortu du, oposizioaren araberaNBEko idazkari nagusiak erasoaldia geldiarazteko exijitu dio gobernuari

Jon Fernandez.
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
«Bataila guztien ama» da egunotan Siriako Halab hirian egiten ari direna, herrialdearen iparraldean. Baxar al-Assad presidentearen aldeko egunkariek zein oposizioko talde armatuen ordezkariek izen horrekin bataiatu dute herrialdeko hiririk garrantzitsuenetan bigarrena deneko guda, bi aldeak sinetsita baitaude han gertatzen denak baldintzatuko duela Siriak azken hamazazpi hilabeteetan izan duen gatazka odoltsuaren bidea. Atzo, Siriako armadak gogortu egin zuen erasoaldia Halab hiriko inguruetan eta erdialdean, oposizioko Siriako Armada Askearen arabera. Arma astunekin eta helikopteroekin ari dira Al-Assaden indarrak bonbardaketak egiten, eta gutxienez 105 pertsona hil zituzten atzo —Halaben, eta herrialdeko beste hainbat lekutan—. Hala ere, Siriako Armada Askeak adierazi du ondo hornituta eta kokatuta dagoela Halaben, eta gai izan dela Damaskoren armadaren erasoaldiari aurre egiteko, baita armadaren zortzi tanke txikitu dituela ere gutxienez.

Al-Assaden hurbileko Al-Watan egunkariak azaldu duenez, matxinoak «Turkian eta Europan ekoitzitako armak ari dira erabiltzen. Gainera, egunkariak baieztatu du Ankarak Halabera milaka militar bidali dituela—Turkiako mugatik 150 kilometrora dago hiria— eta misil termikoak eta hegazkinen aurkako misilak ere igorri dituela, iturri gisa diplomatiko arabiar izengabe bat aipatuta. Turkiaren eta Mendebaldearen asmoa hiria kontrolatzea da, gero «hiri seguru» izendatzeko. Halaben gertatzen ari dena «benetako gerra» da, Al-Watan-en arabera, eta 12.000 matxino armatu daude hirian. «Libiarrak, tunisiarrak, egiptoarrak eta afganiarrak dira gehienak».

Nolanahi ere, nahasmena da nagusi Halaben eta, oro har, Sirian gertatzen ari denaren inguruan. Damaskoko gobernuak kazetariei herrialdera sartzen laga barik jarraitzen du, eta, beraz, oso zaila da egiaztatzea gobernuarengandik zein oposioko taldeengandik iristen den informazioa.

Errusiari begira

Halabeko indarkeria egoerari buruzko informazioa entzun ondoren, alerta jo dute Mendebaldeko potentzia nagusiek. Halaben «beste sarraski bat» gertatuko dela iragarri dute, eta Tremsehekoa eta Al-Houlakoa gogora ekarri. «Erasoaldia gelditzeko exijitzen diot Siriako Gobernuari. Bi aldeek baztertu behar dute indarkeria, herrialdeko zibilen mesederako», adierazi du Ban Ki-moonek, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Londrestik.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak gogorrago berba egin du. Siriako «legez kontrako gobernua» gaitzetsi du: «Egiten ari direna geldiarazi behar dugu, eta nazioartea Al-Assadi egiten ari den presioak balio izango du, baldin eta hark azkenean agintea lagatzen badu». Londresek, gainera, gertatzen ari denaren aurrean «isilik» ez egoteko eskatu die Moskuri eta Pekini.

Errusia ez dago isilik, ordea. «Zoritxarrez, Mendebaldeko gure aliatuek nahiago izan dute zerbait ezberdina egitea, eta Siriaren auzoko herrialde batzuekin batera, erregimenaren kontrako borroka hauspotzen, babesten eta zuzentzen dute. Horren ordaina odol isuria handitzea da». Sergei Lavrovek esan ditu berbok, Errusiako Atzerri ministroak. Gainera, adierazi du ez dela errealista Al-Assaden dimisioa eskatzea. «Zelan espero daiteke gobernuak egoera onartzea, eta esatea: 'Kito! Nahastu egin naiz, kargutik ken nazatela, alda dezatela erregimena'... Hori ez da erreala».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.