Errusiak uste du Siriako gatazkari buruzko eztabaidan Turkiak eta Iranek zer esana izan behar dutela. Izan ere, eskualdeko bi herrialde horiek oposizioko eragileen artean indarra dutela nabarmendu du. Hori horrela, Ankararen eta Teheranen parte hartzearekin goi bilera bat egitea proposatu du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Txinara egin duen bisitan. «Uste dugu beharrezkoa dela oposizioko taldeen artean egiazko eragina duten herrialdeekin goi bilera bat egitea», esan du Lavrovek.
Turkiaz eta Iranez gain, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kideak, Arabiar Liga eta Lankidetza Islamikorako Erakundea dira Errusiaren arabera bilera horretan parte hartu beharko luketenak. «Europako Batasunak ere bere ekarpena egin dezake», gaineratu du Lavrovek. Ria Novosti Errusiako berri agentziak jakinarazi duenez, bileraren helburua Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren bake plana babesteko neurriak zehaztea litzateke.«Ezkutuko asmorik gabe» jarri behar da Annanen plana indarrean, Errusiako Atzerri ministroaren hitzetan.
Eskualdean eragin handia dute Teheranek eta Ankarak, eta bakoitza gatazkaren alde banarekin lerrokatu da. Iranek Baxar al-Assad Siriako presidentearen erregimena babestu du hasieratik. Musulmanen artean gutxiengoa badira ere, xiitak gehiengoa dira Iranen, eta Al-Assad alauitak —xiiten adar bat— aliatu leiala topatu du Teheranen. Ankararen eta Damaskoren arteko harremana, berriz, gaiztotu egin da azken hilabeteetan, eta iraganean aliatu zirenak muturtuta daude. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak herritarren aurkako errepresioa gelditzeko eskatu dio behin baino gehiagotan Siriari, eta herrialdearen aurkako zigor ekonomikoak ere onartu ditu.
AEBek, baina, ezezko borobila eman diote Iranek Siriaren inguruko eztabaidan parte hartzeari. Horrez gain, esku hartze militarraren mamua astindu du, berriz ere, Washingtonek. Siriaren Lagunak Al-Assaden erregimenaren aurka egin duten 55 herrialde biltzen dituen taldeak AEBetan egin duen bileraren irekieran,Washingtongo Finantza ministro Timothy Geithnerrek esan du bide baketsuek huts eginez gero agian NBEren onespena lortzen saiatuko direla Damaskoko gobernuaren aurka indarra erabili ahal izateko. «Annanen plana betetzen ari ez denez, bide horretarantz goaz», esan du.
Esku hartzearen kontra
Errusiaren eta Txinaren goi bileraren amaieran adierazpen bateratu bat irakurri dute Vladimir Putinek eta Wen Jiabaok, eta Sirian nazioarteko esku hartze militar bat egitea gaitzetsi dute adierazpen horretan bi agintariek. Irtenbide baketsuen aldeko deia egin dute.
Siriako krisiak eskualdeko herrialde guztietan eragina izango duela ohartarazi dute Putinek eta Jiabaok, eta Ekialde Hurbilean eta mundu osoan bakea eta egonkortasuna bermatzeko Siriako gatazkaren bilakaerak berebiziko garrantzia izango duela esan dute. Irtenbidea alde guztiek indarkeria albo batera uztea dela gaineratu dute Errusiak eta Txinak, eta elkarrizketa politikoa abiaraztea.
Azken hilabeteotan hainbatetan adierazi duten bezala, erregimena aldatzeko edo ez aldatzeko erabakia siriarrek hartu behar dutela esan dute, eta «ez atzerriko potentziek eta Segurtasun Kontseiluak». Adierazpena, hain zuzen, alde guztiei indarkeria uzteko eta elkarrizketa politikoa abiarazteko eskaerarekin bukatu dute.
Bestalde, NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek hitz egin du Siriaren inguruan, eta esan du aliantzak inolako asmorik ez duela herrialdean militarki esku hartzeko. «Nik ez dut uste esku hartze militarra egoera konpontzeko biderik egokiena denik». Alde guztiei Annanen planaren baldintzak betetzeko eskatu die eta «Al-Assaden erregimenaren zibilen aurkako errepresioa» salatu du. Moskuri, berriz, Mendebaldearekin bat egiteko eskaera egin dio: «Errusiak eginkizun garrantzitsua izan zezakeen. Errusiari nazioarteko betebeharrak betetzeko eskatzen diot, eta nazioartean duen posizioa aprobetxa dezala Siriako gatazka modu baketsuan konpontzeko».
Aldaketak gobernuan
Bestalde, Al-Assadek iaztik Nekazaritza ministro izan den Riad Hijab izendatu du lehen ministro, eta gobernu berria eratzeko eskatu dio. Duela hilabete bat legebiltzarrerako hauteskundeak egin zituzten, eta horren harira egin ditu aldaketak gobernuan Siriako presidenteak. Bere aurkako protestak hasi zituztenetik gobernua aldatu duen bigarren aldia da. Hain zuzen ere, protestak baretzeko egin zituen promesetako bat izan da hauteskundeena, baina oposizioak neurria kritikatu du, eta haren dimisioa eskatu dute.
Annanek, berriz, NBEren Batzar Nagusian agerraldia egingo du gaur, Siriako gatazkaren inguruko azken ondorioak jakinarazteko. Segurtasun Kontseiluak adierazi du Annanen «ideia berrien» zain daudela, hemendik aurrera eman beharreko pausoak adosteko.
Siriako gatazkaren eztabaidan Iran eta Turkia egotea eskatu du Errusiak
Oposizioko taldeetan «egiazko eragina» dutela dio; Pekinek eta Moskuk esku hartze militarraren aurka egin duteRiad Hijab izendatu du Al-Assadek lehen ministro, eta gobernua osatzeko eskatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu