Siriako Gobernuak baiezkoa eman dio Kofi Annanen planari

Onarpena pauso garrantzitsua dela dio NBEren eta Arabiar Ligaren mandatariak, eta berehala indarrean jartzeko eskatu duSiriako armadak Libanon eraso egin die herrialdetik ihes egindako matxinoei

2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Siriako Gobernuak Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren bakerako proposamena onartu du. «Lehen pauso garrantzitsua da, indarkeriaren amaiera ekar dezakeena, sufritzen ari direnei lagun diezaiekeena eta elkarrizketa politikoa abiarazteko giro egokia sor dezakeena». Baikor mintzatu da Annan bere proposamenak Damaskoren babesa duela jakin ondoren. Dena den, garrantzitsuena plana indarrean jartzea dela nabarmendu du, eta, hori eskatzeko, gutun bat idatzi dio Baxar al-Assad presidenteari.

Gobernuak hitzez hartutako konpromisoa ekintzekin gauzatzea nahi du Annanek. Izan ere, Al-Assadek aurrez onartu zuen Arabiar Ligaren bakerako plan bat, baina gero ez zuen bete. Proposamenak indarkeria gelditzea, elkarrizketa politikoa abiaraztea eta preso politikoak aske uztea biltzen du, besteak beste. Ez du, dena den, neurri horiek hartzeko gehieneko epe bat jartzen, ezta Al-Assad boteretik kanporatzea exijitzen ere, oposizioko hainbat taldek eta hainbat herrialdek hala eskatzen badute ere. SNC Siriako Kontseilu Nazionalak, berriz, esana du ez dela negoziazio mahaian eseriko borrokak amaitu arte. Annanen plana onartzeko erregimena aldatzea baldintza gisa jarri du. «Trantsizioaren lehen urratsak estatuko burua kargugabetzea izan behar du», adierazi du Basma Kodmani SNCko bozeramaileak.

AEBek ontzat eman dute Damaskok Annanen planari baietz esan izana, eta proposamena indarrean jartzeko «berehala» neurriak hartzea exijitu dute. Al-Assadek konpromisoa «ekintzekin» frogatu beharko duela ohartarazi du Estatu Departamenduko buru Victoria Nulandek.

Errusiak baikor hartu du Al-Assaden iragarpena, eta planak arrakasta izateko «aukera asko» dituela esan du. Horretarako, baina, «alde guztiek konfrontazioa baztertu behar dute, su-etena indarrean jarri behar dute eta ekintza militar oro gelditu behar dute», Moskuren hitzetan. Oposizioaren jarrerarekin eszeptikoago agertu da. «Ez dirudi elkarrizketak aurki hasi ahalko direnik», esan du Atzerri Ministerioko eledun Alexandr Lukaxevitxek. «Inork ez du aukera hori alferrik galtzen uzteko eskubiderik», ohartarazi du. Dimitri Medvedev presidenteak esan du Annanen plana «gerra zibila saihesteko azken aukera» dela. Horrez gain, herrialdearen etorkizuna siriarrei dagokiela berretsi du.

Txinan harrapatu du Annan Damaskoren jakinarazpenak. Pekinen babes bila joana da hara, Txinaren onarpena «beharrezkoa» duela baitio. «Ezin dut lana nik bakarrik egin. Zuenaren moduko herrialdeen babesa eta aholkuak behar ditut, eta horregatik nago hemen», esan dio NBEko idazkari nagusi ohiak Txinako lehen ministroari.Wen Jiabaok egiten ari den lana eskertu dio: «Annanen bitartekaritzarekin Siriako gatazkak konponbide baketsua eta bidezkoa izango duelakoan nago». Txinara joan aurretik Errusian izan da Annan, eta Moskuk ere babesa eman dio.

Bestalde, Arabiar Ligako idazkari nagusi Nabil al-Arabik nabarmendu du Annanen plana bere erakundeak egindako proposamenean oinarritzen dela. Atzo, Arabiar Ligako Ekonomia eta Finantza ministroak bildu ziren Bagdaden. Ostegunean, berriz, herrialdeetako buruzagiak bilduko dira, eta Siria ere eztabaidagai izango dute, besteak beste.

Al-Assaden bisita Homsera

Siriako armada Libanon sartu dela kontatu dute mugan dagoen Maxaria al-Qaa herriko biztanleek. Soldaduek matxinoek babes hartutako etxeetan erasoak egin dituztela azaldu dute.

Bitartean, Al-Assad Homseko Bab Amr auzoan izan da. Martxo hasiera arte bonbardaketa eta borroka gogorrak jasan zituzten bertan hilabetez, eta presidenteak auzoko bizitza normaltasunera itzuliko dela hitzeman die han geratzen diren herritar bakanei. «Hil arte zurekin» eta «Jainkoa, Baxar, eta besterik ez» oihukatuz ospatu dute Al-Assaden bisita auzoko hainbat lagunek.

Bestalde, iazko martxoan Al-Assaden aurkako protestak hasi zituztenetik 9.000 lagun baino gehiago hil dituztela jakinarazi du NBEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.