Siriako Gobernuak gogor astindu du Homs hiria. Bi egunean, 80 lagun hil dira erasoetan: 30 atzo, eta 50 herenegun. Homsen bizi dira azken hilabeteetan Siriako presidente Bashar al Assaden aurka protesta egin duten oposizioko kide gehienak, eta bertan egin dira manifestaldi jendetsuenak. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, armadak etengabe eraso dio hiriari, etxeak bonbardatuz, eta 27 emakume bahitu dituztela salatu dute.
Ahmad Ramadan SNC Siriako Kontseilu Nazionalaren bozeramailearen esanetan, erasoen helburua jendea Homsetik ihes eginaraztea da: «Oposizioa kanporatu nahi dute, hiria kontrolpean hartzeko». Ramadanen ustetan, Arabiar Ligak aurreko astean jarritako zigorrek eraginik ez duela erakutsi nahi du Siriak: «Homsen gertatutakoak oposizioaren erresistentzia higatzeko egin dira; sarraskia da». NBE Nazio Batuen Erakundearen esanetan, martxotik hona 4.000tik gora lagun hil dira Sirian, eta NBEko presidente Ban Ki-moonek Al Assadi eskatu dio zibilen aurkako errepresioa «berandu izan baino lehen» amaitu, eta Arabiar Ligak exijitutako 500 behatzaileak Sirian sartzea onartzeko.
Horrez gain, AEB Amerikako Estatu Batuetako idazkari Hillary Clinton SNCko buru Burhan Galiunekin bildu zen atzo, eta oposizioak «trantsizio demokratikoa» lortzeko egindako lana babestu zuen. AEBek Robert Ford enbaxadorea Siriara bueltatzea onartu dute, urriaren 24an segurtasun neurri gisa herrialdetik atera ondoren.
Bestalde, Siriako ehunka errefuxiatuk protesta egin dute Turkian, gobernuak Siriako bi lagun deserriratu dituelako. Milaka dira Turkiako muga zeharkatu duten siriarrak, erasoetatik ihesi; atzo bertan, Turkiako muga gurutzatzera zihoazen 35 lagun atxilotu zituen Siriako armadak, «talde terrorista» bateko kideak zirela egotzita.
Hezbola Al Assaden alde
Hassan Nasrala Libanoko Hezbola talde xiitako buruaren esanetan, Siriako oposizioak herrialdea entregatu nahi die AEBei eta Israeli, eta Siriako Gobernuaren ekintzak babestu ditu: «Siriako oposizioak ez ditu erreforma politikoak nahi, ezta ustelkeriaren aurka borrokatu ere. Arabiarrei traizio eginez, herrialdea AEBei eta Israeli eman nahi die».
Hezbolako buruak urteak eman ditu ezkutuan, eta oso gutxitan atera da argitara, egun garrantzitsuetan batez ere. Beiruten agertu zen atzo, bizkartzainez inguraturik, eta AEBen proiektuak Libanorentzat «mehatxua» direla salatu zuen milaka jarraitzaileren aurrean.
Siriako Gobernuak gogor eraso dio Homs hiriari, oposizioaren gotorlekuari
Gutxienez 30 lagun hil dira erasoetan; Siriaren ekintzak babestu ditu Hassan Nasrala Hezbolako buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu