«Osteguneko 07:56an, 2012ko maiatzaren 10ean, siriarrak lanera eta haurrak eskolara joaten diren orduan, jendez gainezka zegoen Damasko hegoaldeko Al-Qaezeko bidegurutzean, atzerriko laguntza duten talde terroristek bi leherketa terrorista egin dituzte aldi berean», salatu du Siriako Barne Ministerioak. Gutxienez 55 lagun hil direla jakinarazi dute, eta tartean zibilak eta soldaduak daudela. Gainera, salatu dute 372 pertsona zauritu dituztela. NBE Nazio Batuen Erakundeko behatzaileak leherketak jazo diren lekura joan dira, eta begiraleen buru Robert Moodek esan du «ekintza terroristek» ez dituztela Siriako arazoak konponduko.
Gobernuak adierazi du «errudunak» harrapatuko dituztela, eta, horretarako, herritarrei kooperazioa eskatu die. Bestalde, Kofi Annan Siriarako NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak gogor gaitzetsi ditu erasoak. Gaineratu du horrelako ekintzak «onartezinak eta gorrotagarriak» direla, eta eskatu du zibilen aurkako indarkeria gelditzeko, jada asko sufritu dutela argudiatuta.Arabiar Ligak ohartarazi du azken egunetako erasoek «ondorio larriak» eragingo dituztela NBEren behatzaileen misioan. «Begiraleen misioa zapuztu nahian dabiltza, eta Siria indarkeriara, hilketetara eta odola isurtzera amildu nahi dute», adierazi du erakundeko idazkari nagusi Nabil al-Arabik.
Oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionalak azaldu du Damaskoko erasoekBaxaral-Assaden erregimenari egiten diotela mesede. «SNCk atentatuekin lotura oro ukatzen du, eta ikerketa hastea eskatzen du. Atentatu hauek Siriako erregimenari egiten diote mesederik handiena», esan du Emad Hosari taldeko bozeramaileak. Bestalde, oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordeek salatu dute apirilaren 12an su-etena indarrean jarri zutenetik 1.000 «martiri» hil dituztela Al-Assaden indarrek. Horrez gain, gobernuaren aurkako manifestazioetan 500 lagunetik gora atxilotu dituztela diote.
Siriako Gobernuak salatu du «talde terroristek» 55 lagun hil dituztela bi atentatutan
SNCk adierazi du atentatuek Al-Assaden erregimenari egiten diotela mesede; NBEk erasoak gaitzetsi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu