Protestak herrialde arabiarretan

Siriako Gobernuak uko egin dio oposizioarekin Moskun biltzeari

Kontseilu Nazionalak adierazi du Errusiara bidaiatu duen ordezkaritza ez dela benetako oposizioa

Erredakzioa
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Errusiak Siriako gatazkan nazioarteko ekimena zuzentzeko ahalegina egin du, erregimenaren eta oposizioaren artean bitartekari rola jokatuz. Moskun elkartzea proposatu zien bi aldeei, baina Damaskok uko egin dio. Hala ere, oposizioaren ordezkariekin bildu dira Errusiako Gobernuko kideak. «Lehenbailehen hasi behar da elkarrizketa politikoa. Elkarrizketa nazional hori alde guztiekin egin behar da, eta ez soilik komeni denarekin», adierazi du Mikhail Margelovek, Kremlinak Afrikarako eta Ekialde Hurbilerako duen ordezkariak.

Siriak Moskun duen enbaxadoreak, berriz, nabarmendu du elkarrizketa bide bakarra dela «berresten» duela Errusiak. «Espero dugu oposizioarekin edukiko dituen elkarrizketetan jarrera hori mantentzea», erran du Rijad Haddadek. Moskura bidaiatu duten oposizioko kideak ez dira berriki eratu den Kontseilu Nazionalekoak. Joan direnen artean alderdi sekularretako eta kristau Elizako ordezkariak daude. Horietako batek, Siriako Alderdi Komunistako kide Kadri Jamilek Errusiari eskertu dio Segurtasun Kontseiluan zigorrak ezartzeko ebazpenari betoa paratu izana. «Errusiak atzerriko inbasioa saihestu izanak Siriako egoera agudo eta erraz hobetzen lagunduko du».

Oposizio «baketsua»

Errusiako hedabideek nabarmendu dute oposizioaren «sektore baketsua» dela Moskura joan dena, eta alderdi horiek herrietan eta eskualdeetan elkarrizketan ari direla Bashar al Assaden aldekoekin. Siriako Kontseilu Nazionalak dio, baina, ordezkaritza hori ez dela egiatako oposizioa. «Iruzurgileak dira. Gobernuarekin harreman estua dute, eta agintearekiko leialak dira», adierazi du Mahmud al Hamza kontseiluak Errusian duen ordezkariak. Kontseilu Nazionala «hurrengo egunetan» elkartuko da Errusiako Gobernuarekin. Frantziak, berriz, jakinarazi du erakunde horrekiko harremanak estutuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.