MUNDUA

Siriako Gobernuaren aurkako neurriak eskatu dizkio Liga Arabiarrak nazioarteari

John Kerry AEBetako Estatu idazkariak atzo adierazi zuenez, abuztuaren 21eko eraso kimikoaren ostean biktimak artatzera joan zirenek sarin gas arrastoak zituzten odolean eta ilean. 110.000 lagun hil dira gatazka hasi zenetik, Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera.

2013ko irailaren 2a
08:29
Entzun

"Erantzukizunez" jokatzeko eta abuztuaren 21ean Damasko kanpoaldean izandako eraso kimikoaren egileen aurkako neurriak hatzeko eskatu diote Liga Arabiarreko atzerri ministroek nazioarteko komunitateari. "Nazio Batuen Erakundeari eta nazioarteko komunitateari eskatzen diogu bere erantzukizunez joka dezala eta hartu beharreko disuasio neurriak har ditzala", dio ministroek adostutako oharrak.

Liga Arabiarrak Baxar al-Assad Siriako Gobernuko presidentea jo du erasoaren erantzule, eta "beste gerra kriminal batzuekin egin den bezala", eraso kimikoaren egileak epaitzea galdegin du. Hala ere, eraso militar baten aurka azaldu dira liga osatzen duten herrialdeetako batzuk, Egipto, Irak, Libano, Tunisia eta Aljeria kasu.

Siriako oposizioak, berriz, Amerikako Estatu Batuetako Kongresuari galdegin dio baimen dezala Sirian eraso militarrari ekiteko Obamak eginiko eskaria. Irailaren 9an hasiko dira gaiaz eztabaidatzen. Atzo, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak adierazi zuen frogak dituztela baieztatzeko abuztuaren 21eko eraso kimikoa Baxar al-Assaden gobernuak egin zuela. Erasoaren ostean biktimak artatzera joan zirenek sarin gas arrastoak zituzten odolean eta ilean, Kerryren esanetan.

Orotara, 110.371 lagun hil dira gatazkan 2011ko martxoaren 18az geroztik, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakinarazi duenez. Hala ere, behatokiak ohartarazi du kopuru hori bikoitza izan daitekeela. 40.146 zibilak dira, eta horietako 5.833, umeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.