Siriako hirietan gobernuak arma astunak dituela baieztatu dute behatzaileek

Atzo bi erasotan 30 lagun hil zituzten gutxienez; NBEk dio su-etena aldarrikatu zutenetik 34 adingabe hil dituztela

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren plana betetzen ari den aztertzera Siriara bidali dituzten nazioarteko behatzaileek egiaztatu dute Siriako Armadak arma astunak dituela hirietan. «Ibilgailu blindatuak, obusak eta bestelako ekipamendu militarra ikusi dituzte begiraleek», adierazi du Herve Ladsous-ek, NBEren Bake Misioetarako idazkariorde nagusiak.

Herrialdean indarkeriak ez du etenik. Duela hogei egunetik, su-etena indarrean jarri zutenetik, erasoak gutxitu direla onartu du oposizioak, baina hala ere armada oraindik ere bonbardaketak egiten dituela salatu du. Atzo, hain justu, bi erasotan 30 lagun hil zituztela kontatu dute.

Deir ez-Zor eskualdean, hogei lagun hil ziren, hamazazpi soldadu eta hiru zibil. Oposizioko Siriako Armada Askeko bozeramaile Abu Leilaren arabera, hildako militarrek armadatik desertatu zutenean hasi ziren erasoak. Horrekin batera, hamar lagun hil dira Idlib eskualdeko Mixmixan herrian, armadaren bonbardaketa batean, oposizioak salatu duenez.

NBEk salatu du su-etena indarrean sartu zenetik gutxienez 34 adingabe hil direla armadaren eta oposizioaren arteko liskarretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.