Ipar Kurdistan

Siriako kurduei egin die eraso Turkiak

YPGk eman du erasoaren berri. Turkiako armadak ez dio utzi PKKren gotorlekuak bonbardatzeari Irak iparraldean, eta bake prozesua ataka larrian utzi du. Bihar NATOren bilkura izango da, Ankarak eskatuta.

Bakearen alde atzo Istanbulen deitutako protestak debekatu egin zituen Gobernuak. ULAS YUNUS TOSUN / EFE
Ainhoa Oiartzabal-Adrian Garcia
2015eko uztailaren 27a
07:38
Entzun

Turkiak Siriako kurduei egin die eraso; YGP Siriako kurduen batasunak jakinarazi duenez, Turkiak artilleriarekin egin die bart eraso, eta lau gerrilari zauritu ditu. Siriako Giza Ekubideen behatokiak erasoa baieztatu du. Aldiz, Turkiako Atzerri Ministerioak esan du haiek ez dutela YGParen kontra egin.

Ahmet Davutoglu lehen ministroak gaur Hürriyet egunkarian adierazi duenez, ez dute, printzipioz, Sirian sartzeko asmorik: "Guk ez dugu troparik bidaliko, baina airez eta bestela, hango oposizio moderatuari lagundu egingo diogu. Gure helburua EI gure mugatik bidaltzea da". 

Gauzak horrela, orain bi urte Ipar Kurdistanen irekitako bake prozesua mila zatitan lehertzeko bidean da, Turkiako armadaren erasoek egoera bideratzeko geratzen ziren esperantzak uxatu baitituzte. "Segurtasun nazionala" defendatzeko argudioarekin, EI Estatu Islamikoaren aurkako kanpaina zabaldu, eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren egoitzak bonbardatzen jarraitzen du Ankarak Irak iparraldean, Kandil mendietan. PKKren zuzendaritzak Firat agentziari jakinarazi dio hautsitzat eman duela su-etena. "Aire eraso bortitz horiekin, zentzua galdu du".

Hain zuzen, atzo Turkiako armadako bi kide hil ziren ibilgailu baten kontra jarritako bonba autoa lehertu ondotik.

Militante kurduen aurka ez eze, EI Estatu Islamikoaren posizioak ere bonbardatu ditu armadak Sirian. Ez dira bonbardaketa bakartuak, kanpaina zabal baten parte baizik, Ahmed Davutoglu Turkiako jarduneko lehen ministroak azaldu duenez. "Turkiaren aurkako mehatxuak bere hartan dirauen bitartean iraungo dute erasoek, airetik eta lehorretik". Ankararen arabera, abiatutako operazio militarrak Sirian "segurtasun eremu bat" sortzen lagunduko du.

Testuinguru horretan, Ankarak eskatuta, NATOren bilkura izango da bihar. "Mehatxu berriak" sortu direla argudiatu du bilkura eskatzeko. "Eremuaren oreka aldatu egin da". 

EI eta PKK, zaku berean

Hegazkinekin ez eze, mugan artilleriarekin tiro egin dute gerrilla kurduaren eta muturreko islamisten posizioen aurka. Izan ere, Ankarak ez du egiten ezberdintasunik EIren eta PKKren artean; biak zaku berean sartu, eta "erakunde terroristatzat" ditu. Istanbulen egitekoak diren bakearen aldeko manifestazioa ere debekatu egin du gobernuak.

KCK Kurdistango Herri Konfederazioak Ankarari leporatu dio bake prozesua leherraraztea. Kurdistango askapen mugimendua koordinatzen duen erakundearen arabera, bozak egin aurretik gobernuak hartua zuen PKKri erasotzeko erabakia.

Turkiako Gobernuak hasieran jakinarazi duenez, Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidente Masud Barzaniren babesa izan du bonbardaketak. Baina Barzanik gezurtatu egin du hori kaleratu duen ohar batean, eta negoziazioak indartzearen alde egin du. "Hobea da urteetako elkarrizketa bat, ordu bateko gerra bat baino".

Alderdi kurduez gainera, oposizioak gogor kritikatu du jarduneko gobernuaren jarrera, eta salatu du EIren aurkako operazioa baliatu duela kurduen aurka egiteko. Ekainaren hasierako bozetan, AKP Justizia eta Garapena alderdiak gehiengo osoa galdu zuen, eta, oraingoz, gobernu bat osatzeko negoziazioek ez dute etekinik eman. Hain zuzen ere, nazioarteko politikan Siriako gerrarekiko duen jarrera da trabarik handiena. Gero eta aditu gutxiagok baztertzen dute hauteskundeetara berriro deitzeko aukera. "Horretarako aukera handiak daude", adierazi du Kemal Kiliçdaroglu CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko buruak.

Nabarmen gaiztotu da egoera aste honetan Turkiaren menpeko Kurdistanen. Astelehenean, EIk ustez eraso suizida bat egin zuen, eta 32 lagun hil zituen Suruçen. PKK-k Ankarari leporatu zion muturreko talde islamista sunitari laguntzea, eta, mendeku hartu, eta bi polizia hil zituen. 2013an su-etena ezarri zutenetik hainbat liskar izan diren arren, lehen aldiz aldarrikatu zuen eraso bat gerrillak. Herenegun, Diyarbakirreko polizia etxeari eraso zioten, eta polizia bat bahitu zuten.

Gerrillaren egoitzen aurkako operazio militarra abiatu ez ezik, Turkiako Poliziak sarekada erraldoia hasi du herrialde osoan; dagoeneko 600 lagunetik gora atxilotu ditu, EIrekin edo PKKrekin harremana dutelakoan. Ezkerreko beste erakundeetako kideak ere atxilotu ditu. Ostiral gauean, 320 lagun atxilotu zituen, gehienak ezkerreko militante kurduak. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak "genozidio politikotzat" jo du operazioa, eta negoziazio mahaian esertzeko eskatu dio gobernuari.

Sirian, kurduak aurrera

Kurduak dira EIri aurre egiteko indar eraginkorrenak, larunbatean berriro ere erakutsi zutenez; Sirian, Al-Hasaka hiriko hainbat auzune berreskuratu zituzten, eta dagoeneko hiriaren hiru laurdenak kontrolatzen dituzte. Tel Abyad hirian, berriz, EIk bi kamioi zartarazi zituen. Ekainean, YPG Herriaren Babeserako Unitateek hiria hartu zuten, eta Cizire eta Kobane barrutiak elkartu zituzten. Kobane eta Afrin batzea zailagoa izango zaie, ordea, esparru horretan ezarri nahi baitu Turkiak "segurtasun eremua".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.