Laugarren egunean sartu da Turkiak Afrin inbaditzeko hasi zuen erasoaldia. Kurdistango kantoi autonomoko agintariek "mobilizazio orokorrera" deitu dute, eta Siria barneko Kurdistango beste kantoietako herritarrei eskatu diete borrokara joateko. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari, berriz, dei egin diote Turkiaren erasoa eragozteko "ebazpen serio eta zorrotz bat" hartzeko.
Turkiak, oraingoz, bi soldaduren heriotzaren berri jakinarazi du. Haietako baten hiletan Recep Tayyip Erdogan presidenteak berretsi du inbasioa "bukaeraraino" eramango dutela. Jim Mattis AEBetako Defentsa idazkariak eta Jean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroak "neurritasuna" eskatu diote Turkiari. "ISISek [EI Estatu Islamikoak] eta Al-Qaedak baliatu lezakete hau, haiengan ezartzen ez badugu arreta. Eta, noski, Siria jasaten ari den krisi humanitarioa larritzen du", adierazi du Mattisek Indonesian.
AEBetako Defentsa Departamentuak atzo jakinarazi zuen ordezkariak bidali dituela Ankarara erasoaldiari buruz hitz egiteko. Oharrean zehaztu zuen Afringo miliziak ez direla AEBen aliatuak EIren aurkako borrokan.