Riad Hiyab Siriako lehen ministroak herrialdetik ihes egin eta Jordanian eskatu du babes politikoa, haren bozeramaileak jakinarazi duenez. Gobernuak aurretik esan du kargutik kendu dutela. Ekainean izendatu berri zuten Hiyad. Siriako hedabideen arabera, Omar Galauanyi ministro-ordeak hartuko du kargua, behin-behinean.
"Erregimen terrorista eta hiltzailea uzten dudala iragartzen dut gaur eta iraultzaileen mugimendu askatzailearekin bat egiten dudala adierazi", irakurri du Hiyaben bozeramaileak. Halaber, gobernu taldeko kideei dei egin die iraultzarekin bat egitera.
Informazioak, ordea, nahasgarriak dira. Siriako Armada Askearen arabera beste hiru ministrok ere alde egin dute. Jordaniak ukatu egin du Hiyab herrialdean sartu denik.
Bitartean, indarkeriak ez du atsedenik Sirian. Herrialdeko telebista publikoari egin diote eraso gaur, bonba-auto batekin. Hiru lagun zauritu dira. Turkiak dio erefuxiatu kopurua gorantz doala etengabe, 50.000 lagun omen dira jada herrialdetik ihesi joandakoak.